Egile Berriendako Euskarazko XXXI. Literatur Lehiaketa jarri du abian Iruñeko Udalak. Urriaren 22ra arte aurkeztu ahal izanen dira lanak, bi modalitatetan: narrazio laburra eta poesia.
Egileek nafarrak izan beharko dute, edo helbidea Nafarroan finkaturik eduki. Egileek ezin izanen dute lanik aurkeztu, beren izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu badute (ez dira hor sartzen aldizkarietan, komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere) Aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.
Aurkeztutako lanek gai librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Jatorriz nafarrak diren zein bertan bizi direnek hartzen ahalko dute parte. Egile bakoitzak lan bakar bat aurkezten ahalko du modalitate bakoitzean. Poesiaren kasuan, lanek 200 bertso izan beharko dituzte gutxienez, eta narrazioan, gutxienez 15 orrialde.
2020an bezala, Bertso-paperen modalitateak Iruñeko II. Bertsopaper-lehiaketa eratu du, Iruñeko Udalak Nafarroako Bertsozaleen Elkartearekin antolatutakoa.
31garren edizioa da aurtenoa eta hiru azken hamarkada hauetan literatur lehiaketa honetan parte hartu dutenen artean egun izen ezagunak dira Nafarroako euskarazko kulturgintzan. Horrela Aingeru Epaltzak irabazi zuen lehen edizioa eta gerora Angel Erro, Alberto Ladron edota Castillo Suarez bezalako idazleak pasa dira handik.
Modalitate bakoitzeko hiru sari banatuko dira, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak eta lanak modu telematikoan aurkeztu ahal izanen dira, gogoan hartu, urriaren 22ra arte.
Lanak www.pamplonaescultura.es eta www.irunakulturada.eus helbideetan aurkez diatezke, edo aurrez aurre, Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia 2) zein erregistro osagarrietan.