Uharteko Arte Garaikideko Zentroak eta NUPek masterra sortu dute EHErekin elkarlanean

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 4a, 19:19

Artea eta praktika artistikoak modu teoriko eta praktikoan aztertzeko asmoa dute, genero ikuspuntua, lurraldetasuna eta afektuak ardatz hartuta. Titulazio berri hori datorren ikasturtean emanen da eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eskainiko dira edukiak.

 “Praktika artistikoen eta kultura-ikasketen masterra: gorputza, afektuak, lurraldea" aurkeztu dute. Hiru modulo teoriko eta beste bat praktikoa eskainiko dira graduondoko kurtso honetan.

Gehienez 25 ikaslek izanen dute aukera master hau egiteko. 1.500 euro balioko du matrikula egitea eta parte hartzaileek aukera izanen dute Uharteko Zentroak esakintzen dituen bekak eskatzeko.

Foru Gobernua ikerketa programa honetan parte hartzen ari da, Nafarroako kultur sarea indartu eta nazioartera zabaltzeko

Prestakuntza-programa hori, urritik ekainera garatuko da, eta akademiaren nahiz arte garaikidearen esparruaren arteko topagune gisa plantetuko da, esperimentazio metodologikoa eta kokatutako pedagogiak lehenetsiz. Diziplinaz gaindiko ikerketa-esparru bat eskaintzea du helburu, praktika artistiko garaikideak birpentsatzeko asmoz.

Goi-mailako prestakuntza-programa hau Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker egikaratu da, zehazki Kultura eta Kirol Departamentuak Uharte Zentroarekin sinatutako hitzarmenaren baitan sustatuko baita titulazioa. “Komunitate artistikoko eragileen prestakuntza bultzatzeko eta gure lurraldeari eta kulturari lotutako praktikei buruzko ikerketa sustatzeko interesetik sortu da”,  adierazi dute arduradunek.

Gainera, “talentuen galera edo "burmuinen ihesa" ere saihestu nahi da”, azaldu dute; izan ere, “nafar askok, ikasketa artistikoak kanpoan egin ondoren, beste erkidego batzuetan ere garatzen dute beren ibilbide profesionala”.

Uharte Zentroaren formakuntza lerroa

Masterra Uharte Zentroaren Formakuntza ildoaren parte da, eta Artisten harrera eta Laguntza ildoarekin eta  Irekian ildoarekin batera, ekoizpen-zentroaren hiru ekintza-ildo nagusiak osatzen ditu.

Hori horrela izanik, eta Nafarroan arte garaikidearen arloko profesionalizazioa bultzatzen duten goi-mailako ikasketarik ez dagoenez, praktika artistikoen eta kultura-ikasketen Masterreko programak Nafarroan kalitatezko goi-mailako ikasketak motibatzeko prestakuntza eskaini nahi du, bai eta Humanitateen arlo horretako unibertsitate-ikerketa ere.

Zentzu horretan, diotenez, “programak gure erkidegoko ehun artistikoa eta kulturala indartu nahi ditu. Masterra erreferente bihurtu nahi da arte garaikideari buruzko ezagutza ekoizteko eta ikertzeko, bai gure lurraldeko bai Espainiako Estatuko testuinguru artistiko eta kulturalean, eduki bakar eta espezifikoei helduz, eta gure eremu hurbilenean argitaratu gabeko metodologia eta lan-moduak abian jarriz”.

Irakasleak

Irakasleetariko batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikokokoak dira, genero edo lurralde ikasketetako modulu teorikoenei lotutako irakasleak; gainontzekoak, Euskal Herriko Unibiertsitateko langileak dira.

  1. urtearen amaieran unibertsitateen eta Uharte Zentroaren arteko hitzarmen bat sinatzea aurreikusten da, lankidetza hori formalizatzeko. Horrela, Masterra unibertsitate artekoa izango da, Uharte Zentroa hirugarren egoitza izanik. Horrek lan-eredu eta -metodologia berriak ekarriko dizkio unibertsitate-eremuari.

Masterra hiru ikerketa-ildoren inguruan antolatzen da (modu independentean egin daitezkeenak 16 ECTS kredituko unibertsitate-aditu titulua lortzeko).

 Lehenak, Kultura bisuala eta generoa atalean teoria feministen eta azterlan bisual eta artistikoen arteko elkarguneak aztertzea du ardatz. Lurraldea, izango da bigarren ardatza, eta bertan Euskal Herriko eta Nafarroako kultura-azterlaen edukiak jasoko dira baita kultura-ekologienak ere. Hirugarrenez, afektuak atalean sakonduko da, haiek eta zainketek artearen praktika eta ikerketan pentsatzeko duten garrantzia aztertuz.

Aldi berean, praktika artistikoan oinarritutako ibilbide bat garatuko da, tokiko eta nazioarteko artistek zuzendutako tailer intentsiboek, sorkuntza-laborategiek, ikerketa pertsonalerako lan batek (MAL) eta beste lan kolektibo batek osatua. Modulu hau modu independentean ere egin daiteke unibertsitate-espezializazioko titulua lortzeko (32 ECTS kreditu).

Master osoa (62 ECTS kreditu) modalitate erdipresentzialean egingo da, eta hileko azken astean, urria eta maiatza bitartean, aurrez aurreko saioak izango ditu.

Masterra, halaber, tokiko gaiei buruzko ikerketa eta pentsamendua ekoizteko, eta testuinguru artistikoari buruzko azterketa eta hausnarketa egiteko gunea izango da. Aldi berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak izateaz gain, ikerketa eta sorkuntza artistikoaren arloko irakasle entzutetsuak hartuko ditu, estatuko gainerako herrialdeetakoak zein atzerrikoak.

Eskolekin batera, publikoari irekitako tailerrak eskainiko dira Nafarroako beste gune batzuetan, hala nola Nafarroako Museoan, egingo diren hitzaldi publikoak emango dituzte. Ekintza horietan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izanen da. Horrela, arte eta kultura sareak nazioartean garrantzi handia duten pentsalari eta artistekin eztabaida eta truke teorikoetan parte hartzeko aukera izango du jendarteak.

Era berean, arte garaikideari eta lurraldeari lotutako beste kultura-espazio batzuekiko (Oteiza Museoa, esaterako) interakzioa gauzatzeko aukera aztertzen ari dira sustatzaileak. Ildo horretan, masterrak irudiekin eta irudiei buruzko lan kritikoa du ardatz, eta arduradunek azaldu dutenez, “inoiz baino espazio beharrezkoagoa da elkarrekin egin, pentsatu zein hausnartzea, eztabaida eta ezagutza sortzeko esparrua sortzeko, tokian tokikoa ardatz hartuta, baina gero eta globalagoa den paradigma batekin harreman eta truke estuan”..

Arte munduko profesionalei zuzenduta

Programa arte- eta kultura-arloko ikasleei eta profesionalei zuzenduta dago (artistak, teorikoak, ikertzaileak, komisarioak, hezitzaileak), ikerketaren, kultura-ikasketen eta praktika artistikoen arteko bateratze-puntuak aztertzeko interesa dutenei.

 Ikasketek gutxienez 10 eta gehienez 25 plaza izanen ditu. Uharte Zentroak matrikularen %70erainoko bekak emango ditu masterreko ikasleentzat. Bekak esleitzeko irizpideak, lehentasunaren arabera, honako hauek izango dira: Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea, langabezian, errenta baxuan edo errenta bermatuan egotea eta, berezko tituluaren gaiekin bat datozen graduko ikasketak edo lizentziatura-ikasketak izatea: Artea, Artearen Historia, etab. Masterra une honetan NUPeko Gobernu Kontseiluaren onesperan zain dago.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!