Taxilariak, mankomunitatea eta gobernua hilaren 17an batzartuko dira

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 13a, 11:42

Gidariek salaturiko gaueko erasoak izanen dira aztergai nagusia.

Taxilariek, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak hilaren 17an eginen dute bilera. Bertan, gidariei gauez egindako erasoen problematika aztertuko da. "Konponbideak bilatzeko landu behar dugun zerbait da, eta taxilariek zer eskaera dituzten eta araudiaren ikuspegitik zer egin daitekeen ikusteko balioko digu, besteak beste", adierazi dio mankomunitateko presidente David Campionek Diario de Noticias egunkariari. Lehenik eta behin, "sektorearen zein Nafarroako Gobernuaren proposamenak ikusi eta zer egin daitekeen ikusi behar da. Aldaketak egin behar badira, egiten saiatuko dira, teknologia oso azkar ari da aurrera egiten, eta beste hiri batzuetan egiten ari direnari ere erreparatu diezaiokegu, hemen zer egin daitekeen ikusteko ", aurreratu du. Beste hiri batzuetan taxilarien kolektiboak funtzionatzen du, gogoratu du, kamerak jarrita barruan eta kanpoan, eta erasotzailea uxatzeko balio dezaketen beste neurri batzuk hartuta.

Taxilariak segurtasun botoian hobekuntzak ezartzea aztertzen ari dira; behin martxan jarrita geolokalizatu eta 112rekin harremanetan jartzen dituen arren. "Uste dute beharrezkoa dela komunikazio zuzenagoa izatea poliziarekin, azkarragoa. Bere garaian botoi hori motelagoa zen, hobekuntzaren bat ezarri zen. Manparen gaia ere hor dago, baina plazak kenduko lituzke, eta bezeroarekiko harremana askoz hotzagoa izango litzateke... Denak ditu bere alde onak eta txarrak ", esan du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!