Igandera bitarte izanen da azoka irekirik 10.30tik 14.00etara eta 16.30tik 20:30era.
Editargik III Argitalpen Azoka zabaldu du Sarasate pasealekuan. Bertara lekualdatu dugu Irrintzi Plaza, ezarri duten estalpearen azpian dauden 22 postuak bisitatzeko.
Igandera bitarte izanen da azoka irekirik 10.30tik 14.00etara eta 16.30tik 20:30era.
Editargi Nafarroako Editoreen Elkarteko presidente Aritz Otazurekin egin dugu lehen hitzordua, azoka zabaldu baino ordu erdi lehenago. 22 postu ezarri dituzte azokan, eta milaka izenburu topatuko ditu gerturatzen denak. Mintzoa argitaletxearena da horietako bat. Nafarroako historiari buruzko liburu eta faksimileak topatu ditugu bertan.
Musikak ere badu bere txokoa azokan. Gor diskoetxe nafarraren standean Mikel Morrasekin izan gara, eta azken nobedadeak zeintzuk dituzten azaldu digu: Hemendik At, Nahiak Nahi, Unidad Alvesa, Bastardix, Los Hollister eta Yogurinha Boroba.
Txalaparta argitaletxearen postuan Jon Jimenez editoreak hartu gaitu. Argitaletxeen lanaren erakusleiho gisa azokek duten garrantziaz mintzatu zaigu, baita Txalaparta irakurle klubaz ere. Eskuartean eduki ditugu ere argitaletxean libururik berrienak: Sabino Cuadraren No os importe matar! Sanfermines 1978: crimen de Estado (Larunbatean aurkeztuko dute, 12:30ean, azokan), Harkaitz Cano eta Adur Larraren Antzara Eguna (larunbatean aurkeztuko dute, 17.30ean, azokan) eta Fermin Valentziaren Kantuari emana liburu-diskoa (igandean aurkeztuko dute, 13:30ean, azokan).
Pamiela argitaletxearen standean egin dugu azken geldialdia. Pello Elzaburu editorearekin profesioaren nondik norakoen berri izan dugu: zenbateko tiradak egiten dira gaur egun? zenbateraino sartzen du eskua editoreak? Saridun liburuak ere izan ditugu mintzagai, horiek dituztelako nobedadeetako zenbait: Xamarren Etxera bidean, Irati Elorrietaren Neguko argiak eta Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.