Orkoien eta Iruñea arteko oinezkoen pasabidea eraikitzeko akordioa sinatu dute bi udalek eta Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 6a, 07:48

Lanak 2020ko azaroaren amaierarako amaituta egongo dira. PA-30 errepidearen gainetik, oinezkoendako eta bizikletendako pasabidea eginen da. Obra Iruñeko lur eremuetan egingo da oso-osorik, eta Iruñea, Orkoien eta Iruñerriko mendebaldearen artean oinezkoak eta txirrindulariak igarotzeko dauden arazoen konponbidea izango da.

Lanen aurrekontua 751.192,85 eurokoa da (BEZ barne). Obren kostua 586.192,85 eurokoa da (BEZ barne); obren zuzendaritza, berriz, 15.000 eurotan baloratu da, eta desjabetzeak 150.000 eurotan. Nafarroako Gobernuak 450.000 euro jarriko ditu, Iruñeko Udalak 171.192,85 euro eta Orkoiengoak 130.000 euro. Kostua aurrekontuan jasotakoa baino handiagoa bada, aldea Iruñeko Udalak hartuko du bere gain.

Amaitutakoan, desjabetutako lursailaren gainean dauden elementu eta hiri-altzari guztiak, Iruñeko Udalaren jabetzakoak izatera pasatuko dira. Pasabidearen egitura, errepideak hartzen duen azalera eta jabari publikoko eremuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasunekoak izanen dira.

Lanak Nafarroako Gobernuak enkargatutako eta hiru erakundeen onespena duen eraikuntza proiektuaren arabera gauzatuko dira. Behin hitzarmena sinatuta, proiektuaren behin-behineko onarpena argitaratuko da, eragindako ondasun eta eskubideen zerrendarekin, desjabetze espedientea hasi ahal izateko. Pasabidea gauzatzeko obrak lizitatzeko oinarria izango da behin betiko onarpena. Hitzarmenak jasotzen duenez, Iruñeko Udala izango da, Hirigintzako Gerentziaren bidez, eraikuntza lanak lizitatu eta kontratatuko dituena, bai eta zuzendaritza fakultatiboa egingo duena ere. Lurralde Kohesio Sailak, proiektua behin betiko onartu ondoren, desjabetze-kudeaketak egingo ditu, proiektuan deskribatutako obrak egiteko behar diren lurrak okupatu ahal izateko, eta Iruñeko Udala desjabetutako lurren onuradun deklaratuko du, lur horiek guztiak bere udalerrian daudelako.

Iruñeko Udalari dagokio pasabidera sartzeko bideak eta pasabidea bera (garbiketa, argiteria, altzarien pintura edo lorezaintza, adibidez) mantentzea. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako lursailean dauden hiri-altzarien elementuen mantentze-lanen arduraduna ere izango da. Nafarroako Gobernuari dagokio pasabidearen egitura zaintzea, zimenduak jartzea eta laguntzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!