Hauteskundeak 2019

EH Bilduk alkatetza berreskuratu dezake Uharten

Bihar eginen da Uharten alkate berria izendatzeko osoko bilkura.

Amparo Lopez sozialistaren dimisioaren ostean, Alfredo Arruizek (EH Bildu) eskuratu dezake aginte makila Uharten. Bihar eginen da osoko bilkura, eta aurreikusten denez, ez da PSNren hautetsirik izango plenoan. Hala, azken orduko sorpresarik ez balego, EH Bilduk berreskuratuko du alkatetza.

EH Bildu izan zen indar bozkatuena Uharten. Bost zinegotzi ditu. Zinegotzi bakarra duen eta bosgarren indar izan den PSNk eskuratu zuen, baina, alkatetza. Bere burua aurkeztu zuen Amparo Lopez hautagai sozialistak, eta GIH hautagaitzaren (lau zinegotzi) eta Navarra Sumaren (bi zinegotzi) babesa jaso zuen, EH Bilduren hautagaia alkate izan zedila ekiditearren. Barneko zuzendari nagusi izendatu dute Lopez.