Argia astekariari buruzko Irrintzi Plaza saio berezia egin dugu

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 28a, 18:21

Kondestablearen Jauregitik zuzenean Argia astekarian aritu diren eta aritzen diren kazetariak izan ditugu gurekin.

100 urte bete ditu Argia astekariak. Mende bat, kazetaritza independentea egiten; eta hori ospatzekoa da. Hori dela eta Kondestablearen Jauregira joan gara Argiako lagunekin saio berezia egitera. 

Atzera begira, mende bat egin dugu atzera Xabier Letona eta Patxi Larrionekin Argiaren sorreraz hitz egiteko. Iruñeko kaputxinoek sortu zuten Zeruko Argia, Iruñean, 1919an. Ez zen hori izan iturri bakarra, baina. Donostian 1921an sortu zen Argia aldizkariatik ere edan du egungo Argiak. 80. hamarkadaren bukaera eta 90. hamarkadaren hasierako uneez ere aritu gara solasean lehenengo gonbidatuekin. Orduan hasi ziren Argian lanean, eta ordukoak dira Susa eta Larrun aldizkariak.

Zeruko Argia aldizkaria sortu zuen Aita Damaso Intza elkarrizketatu zuen Iñaki Kaminok, 1986an. Elkarrizketa huraz gogoan duena kontatu digu. Elixabete Garmendiak Zeruko Argian hasi eta Argian jarraitu zuen bere kazetari jarduna. Orduko kazetari gazteek eragindako berrikuntzen berri eman digu.

Miel Angel Elustondo kazetaria eta Mikel Taberna idazlea batu ditugu hurrengo solasaldian. Zeruko Argia irakurtzen hasi ziren, Anaitasuna aldizkariarekin batera. Oraindik ere irakurtzen dute Argia, bereziki biltzen dituen gaiekiko interesak erakarrita. Miel Angel Elustondorenak dira, tarteka, Argiak argitaratzen dituen elkarrizketetako batzuk. Ezingo luke batekin geratu, denekin ikasi du zerbait.

Egungo Argiaz aritu gara Bego Zuza lehendakariarekin eta Gorka Bereziartua kazetariarekin. Harpidetza sistemaren berri eman digu lehendakariak. Bereziartuarekin, berriz, Argiaren jauzi teknologikoaz hitz egin dugu, paperetik multimediarako jauziaz.

Patxi Zubizarreta ere igaro da gure mahaitik. Julien Vinsonen hegaldia liburua argitaratu berri du, eta aurkezpena egiten Iruñean zela gurera gonbidatu dugu gaia ezagutzeko.

Gaur arratsaldean Kondestablearen Jauregian hitzaldia eskaini behar duten bi hizlarirekin amaitu dugu saioa: Oskar Alegria zinemagilea eta Bernardo Atxaga idazlea. Biek ezagutu zuten Jorge Oteiza, eta orain batetik bestera dute hizpide hitzaldietan.

Eskerrik asko guztiei. Zorionak Argia!

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!