DNA bankuari esker, Ezkabako gotorlekuan hildako 1936ko biktima bat identifikatu dute

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 4a, 17:09

Identifikazio berriarekin, jada 22 pertsona entregatu zaizkie haien familiei Nafarroako Gobernuaren Deshobiratze Planaren esparruan.

DNA laginek zehaztu ahal izan dute gorpuzkinak Agustin de Lucas Sanchezenak direla; hau da, 1938ko urtarrilaren 31n Ezkabako Gotorlekuko presondegian hildako eta Oteizako hilerrian lurperatutako segoviar presoarenak.

Nafarroako Gobernuak Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiaren bidez sortutako DNA Bankuari esker identifikatu da gorpua. Berriobeitiko Oteiza hilerriko hobitik aterata zuten 2010ean. 2010. urtean, Aranzadi Zientzia Elkarteak, "Los 5 de la Nava" elkarteak eskatuta, Ezkabako presoen prospekzioak eta deshobiratzeak burutu zituen inguruko hainbat hilerritan. Horietako bat Berriobeitiko Oteizakoa izan zen, identifikatzerik izan ez ziren bi gizonen gorpuzkinak atera baitzituzten.

Agustín de Lucas Robledo de Chavelakoa zen (Madril) eta Nava de la Asunciónen (Segovia) bizi zen; bertan, trenbideko faktore bezala egiten zuen lan. Kolpe militarraren ondoren, atxilotu egin zuten, kondenatu eta San Kristobaleko Gotorlekuko presondegira eraman zuten 1937ko abuztuaren 18an; han egon zen harik eta hil arte. Beste hainbaten kasuan bezala, leku hartako bizi-baldintza izugarriek haren osasuna hondatu zuten, eta sei hilabete baino lehenago hil egin zen. Segoviako 330 preso egon ziren Ezkaban, 17 gaixotasunez hil ziren eta beste 21 erailak edo hilak izan ziren 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldiaren ondoren.

184 espediente eta 22 identifikazio

Identifikazio hau Nafarroako Gobernuak DNA Bankuaren bitartez orain arte egindako lanean kokatzen da. Bankua 2016an sortu zen, eta Nasertic enpresa publikoak kudeatzen du. Denbora honetan zehar, 184 espediente ireki dira, eta 21 pertsonaren gorpuzkinak entregatu ahal izan zaizkie haien familiei; kasu berri honekin 22. Identifikatzeko lanak konplexuak dira eta batzuetan bidera ezinak hezurrak degradatuta egoteagatik edo emaile egokirik ez izateagatik, baina erreparazio-prozesuei amaiera emateko bidea dira, gorputzak familiei entregatuta.

Legegintzaldi honetan, guztira 84 gorputz berreskuratu dira 19 deshobiratzetan. Huts egindako beste prospekzio batzuk ere egin dira, baina hainbat kasutan oso garrantzitsuak izan dira aurkitzeko eta ondoren deshobiratzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!