Irrintzi Plaza, 'Paperezko altxorrak' erakusketatik

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 28a, 19:42

Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendari Ekaitz Santazilia izan da lehen solaskidea gaurko saio berezian. Ondoren, Kike Diez de Ulzurrun, Sagrario Aleman eta Lourdes Mercerorekin hitz egin dugu, besteak beste.

Nafarroako Artxibo Nagusiko kriptatik egin dugu gaur Irrintzi Plaza saioa. Bertan ezarri du Fontes Linguae Vasconum aldizkariak 50. urteurrena ospatzeko erakusketa berria: Paperezko altxorrak. Eta hori bera da bertan bilduta dagoena, Nafarroan gordetzen diren dokumentu zahar original nabarmenen aukeraketa bat.

Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendariarekin abiatu dugu saioa. Aldizkari zientifikoaren nondik norakoak ezagutzeko. Euskal hizkuntzalaritzako erreferentea da egun aldizkaria. 

Aldizkaria sortu zen garaira atzera egin dugu ondoren, 1969. urtera. Aldizkariaren sorrera ez zen gertakari isolatua izan. Nafarroako Foru Diputazioak eta horren baitan Vianako Printzea erakundeak eta Euskararen Aldeko Sailak euskararen eta Nafarroako ondarea sustatzeko abian jarritako zenbait ekimenen baitan ulertu behar da. Euskararen Aldeko Saileko buru izan zen Pedro Diez de Ultzurrun. Haren seme Kike Diez de Ultzurrunekin mintzatu gara gaiaz.

Garai horretan, euskara jakiteagatik haurrei diplomak eman zizkietan, eta saritzat 200 pezeta Nafarroako Aurrezki Kutxan. Sagrario Aleman eta Lourdes Mercero diplomadunekin izan gara. 

    

                             Argazkia: Argia

Koldo Artola ikerlariarekin ere izan gara. Ohiko kolaboratzailea da aldizkarian, 30 artikulutik gora publikatu ditu. Paperezko altxorrak daude erakusketan, eta abesti bat ere bai. Joan Amenduxen epitafioari musika jarri diote; baita ahotsa ere. Maitena Duhalde hizkuntzalari eta musikariarekin telefonoz mintzatu gara. 

    

    

Erakusketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu Aziti Bihia hizkuntzalari taldeko Borja Ariztimuño eta Eneko Zuloaga ikerlari gazteekin. Haiekin batera ikusi ditugu, besteak beste, Joanes Leizarragaren Testamentu Berria edota Axularren Gero. 

Egitekoak geroko uztearen arriskuaz mintzo da Axular bere lanik ezagunenean. Kalera atera gara eta jendeari galdetu diogu zer den geroko uzten duen hori. 

Asko dira Fontes aldizkarian artikuluak argitaratu dituzten hizkuntzalariak. Horietako bat izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'. Haren inguruan mintzatu gara Kote Camacho eta Miren Rubiorekin. Txillardegiren Klika dokumentala aurkeztu dute gaur Iruñean.

                             

Abiatu bezala amaitu dugu saioa, Ekaitz Santaziliarekin solasean. Aldizkariaren urteurrena ospatzen jarraitzeko FLV, 50 urte Metodo eta joera berriak (euskal) hizkuntzalaritzan nazioarteko biltzarra antolatu dute martxoaren 6an eta 7an. 

Eskerrik asko harreragatik, eta zorionak FLV!

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!