Mikel Diez de Ultzurrun talde honetako partaideak azaldu duenez Granadan duten metro arina guretzako ere soluziobide praktiko izan liteke bidaien denbora murrizteko ahaleginean.
Hau da talde eragile honek proposatzen dueña: “Gaur egun, Iruñeak, beste hiri askok bezala, kutsadura atmosferikoa, akustikoa, luminikoa eta bisuala pairatzen ditu. Egoera hori autoari ematen diogun gehiegizko erabilerari zor zaio. Mankomunitatearen arabera, Iruñerriko mugimendu guztien %45 autoz egiten da, garraio publikoz %13 eskas egiten direlarik. Villavesek ongi funtzionatzen dutela denok dakigu, baina argi dago ez dela aski. Tranbia oso aukera eztabaidatua izan zen 2000ko hamarkadan, baina azkenean atzera bota zen. Guk metro arina proposatzen dugu alternatiba gisa. Garraio guztiz elektrikoa da eta beraz, ez du emisio kutsakorrik sortzen.
Hiriko autobusak ongi funtzionatzen du, baina zenbait ibilbide ez dira bideragarriak, gutxienez ordubete irauten dute. Jende gehiena ez dago prest egunero ordubete edo bi ordu villavesan galtzeko (joan-etorria) eta autoa ikusten du aukera bideragarriena, garestiagoa izan arren. Horregatik ia hiriaren %70ak lanera joateko autoa hartzen du. Villavesen arazo nagusia ibilbide-denbora luzeegiak direla ondoriozta daiteke, beraz. Metroarekin denbora-bidaia erdira baino gehiago murriztu ahalko litzateke.
Egia da inbertsio handia beharko zuela, baina zenbait hiri txikiagok lortu dute, Lausanne (Suitza) eta Brescia (Italia) esate baterako. Estatuko beste hiri txikiago batzuek (Lleida eta Girona, esaterako) trenbide aldiri sistema (RENFE) daukate.
Guk Granadako Metroaren eredua nahiko genuke; 300.000 biztanleko lau udalerriri zerbitzua ematen dien metro arineko sistema; lurazpiko zein lurgaineko ibilbideak egiten dituena.
Sareak hiru linea edukiko lituzke; mendebaldetik ekialdera, (Zizur Txikitik Gorraitzera), beste bat iparraldetik hegoaldera bi adarrekin (bata Beriainetik Beriozarrera, aireportutik igaroz, eta bestea Sarrigurenetik Berriozarrera) eta hirugarrena, linea biribila, kokapen garrantzitsuak lotzeko; hala nola, bi unibertsitateak, Landaben, Sadar eta auzo batzuk. Aldageltoki nagusiak Gazteluko plaza, Foruen plaza eta Merindadeen plaza izango lirateke. Erdialdean ibilbidea lurazpitik igaroko litzateke (duela 10 urteko tranbia proiektuak aurreikusten zuen bezala) eta auzo eta herri periferikoagoetan lurgainetik ibiliko litzateke.
Metroa gure iritziz alternatiba bideragarriena da eta nafarren erdiari baino gehiago on eginen lioke. Borroka dezagun hiri garbiago eta irisgarriago baten alde.”