Askatasunean hazi, hezi eta bizitzeko gakoak ikastaro batean

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 26a, 19:14

Hau da Ane Ablanedok martxoaren 9 eta 16an, UEUrekin Iruñean eskainiko duen ikastaroaren muina.  

Bi larunbat hauetan, martxoaren 9 eta 16an, 10:00-14:00 / 15:30-19:30 burutuko da ikastaro hau UEUk Iruñean, Arrotxapean duen egoitzan.

Ane Ablanedo Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP) da, haur-prebentzioan espezialista, eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea, hizlari eta artikulugilea eta UEUkidea.

“Askatasunaren printzipioa eztabaidaezina izanik, gure bizitzaren ardatz bilakatzen saiatzea da gutako askoren erronka. Guretzat bezala, biziki garrantzitsua da haurrentzat ere askatasuna ukan dezaten euren bizitza eraikitzeko eta diren bezala garatzeko, barnean duten eta diren hori osoki loratuko bada, bederen. Helduaren nortasunaren konfigurazioan haurtzaroak duen garrantziagatik, bizitzaren lehen urteak kalitatezkoak izatea behar du izan edozein prebentzio-eredu edo -programaren helburu nagusiak. Hori baita geroko gaixotasunak ekiditeko modurik seguruena eta eraginkorrena. Helduoi dagokigu, bada, guraso, hezitzaile edo gizarteko kide soil gisa, haurren bizitzaren kalitatea bermatzea, askatasuna, atxikimendua, errespetua eta zaintza kontzientea erdigunean izanen duen haziera eta heziketa-eredu integralak sustatuz. Haurrenganako gure begiradaren aldaketa ekarriko duen paradigma-aldaketa erabat beharrezkoa dugu, eta horretara dator, hain zuzen ere, ikastaroa. Haurtzaroan sano eta oso garatzeko haurrek behar dituzten ekosistema ezberdinen nolakotasuna aztertzera, eta kalitatezko bizitza batek —haurrenak bezala gureak ere— ukan beharreko printzipioen inguruan hausnarketa proposatzera.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!