Atarrabiatik egin dugu Irrintzi Plaza saioa

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 14a, 19:10

Mikel Oteiza alkatea izan da lehen solaskidea gaurko saio berezian. Ondoren Karrikaluze eta Etxebeltza elkarteeko kideak eta euskarazko hiru ikastetxeetako zuzendariekin mintzatzeko aukera izan dugu, besteak beste.

Atarrabiako Kultur Etxeko ataritik egin dugu Irrintzi Plaza saioa. 1,1 km koadroko zabalera duen hiribildu honetan 10.500 biztanle bizi dira egun. 

Legealdi honetan udalean izan dituzten lan ildo nagusiak eta hurrengo urteotarako dituzten erronkez hitz egin digu Mikel Oteiza alkateak. 60 bat urte dituzten etxe multzo zenbaitetan berrikuntzak egiteko plangintza abian jarriko dute, Nafarroako Gobernua eta beste lau udalarekin batera. Honekin batera herri berdeago eta jasangarriagoa egiten jarraitzea izanen da lehentasunezko zeregina hurrengo urteotan ere. 

Baina noiz eta nola sortu zen Atarrabia? Nondik datoz Atarrabia eta Villava izenak? Zer garrantzia izan dute errotek haren Historian? Halako galderei erantzuna eman die Dani Otxoa, bertako historialariak. 

Atarrabiako Karrikaluze Euskara Elkarteak iaz 20 urte bete zituen. Euskararen motor nagusietako bat da herrian, bereziki haur eta gazteentzako egiten duten aisialdi eskaintza zabalarengatik. 

Gurekin Luis gaztea, Irene hezitzaile eta aisialdi taldeko arduraduna eta Oskar Zapata Karrikaluze sortzaileetako bat izan dira. 

Egun hauetan bi erakusketa daude ikusgai Atarrabiako Kultur etxean: Ezkaba eta Lorenzo Imirizaldu "Mitxel" margolariarena. Horietaz hitz egin dugu Koldo Pla, Txinparta Elkarteko kidea eta Ane Ainzua artezale gaztearekin. 

Bertako euskarazko ikastetxeak ere ezagutzeko parada izan dugu: Tomas Donazar Pedro Atarrabiako Institutua, Yolanda Cumba Atargi eta Iñaki Erroz Paz de Ziganda ikastolako zuzendariekin mintzatu gara. 

Eneko Villegas Etxebeltza Elkarteko kidearekin martxoaren 1, 2 eta 3an ospatuko diren bertako inauteriez hitz egin dugu. 

Inauteriekin lotutako bi liburu aurkeztu zituzten iaz "Ura" eta "Lurra". Haietan Atarrabi eta Mikelats pertsonaia mitologikoak dira protagonistak. 

San Andres errota toki ederrenetako bat da. Atarrabiako pilategiarekin batera ezagutu beharreko guneak, zalantzarik gabe. Hori esan digute Bakarne Atxukarro, Iruñerriko Mankomunitateko komunikazio teknikariak eta Maialen Agirrezabal San Andres errotako bisita gidatuen arduradunak. 

 

Ismael Yagüe txistularia, musikaria eta Miel Otxin taldeko partaidea oso ezaguna da Atarrabian. Berarekin ezagutu dugu bertako musika ekimen zenbait. 

Bikain egon gara gaur Atarrabian. Eskerrik asko Karrikaluxe eta Trapuketari guztioi egin diguzuen harrera bikainarengatik. Sarri arte!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!