Urtarrilaren 26an Barañainen izango da 2019ko Bertso Eguna; 50.edizioa izango da. Gainera, elkarrekin ospatuko dira Bertso Eguna eta Bertso Eskolen Eguna eta, horretarako, egun osoko egitarau potoloa antolatu dugu Bertsozale Elkarteak, Barañaingo Udalak eta Barañaingo Bertso Eskolak.
- 11:00etan, udaletxeko erabilera anitzeko gelan, Enkarguz emanaldia. Andoni Egañak, Xabi Zabalak eta Alberto de Abajok garatu dute Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako ikuskizun berria. Doakoa izango da.
- Jarraian, poteoa egingo dugu tabernaz taberna. Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa bertsolariak ariko dira kantari.
- 15:00etan, Barañaingo udaletxearen aurrean atonduko den karpan, bazkaria eskainiko da. 300 bazkaltiarrentzat lekua izango da, eta egurrezko lurra eta berogailuak izango dira Iparra-Hegoa ekimenak prestatutako menu goxoa dastatzeko. Txartelak: www.bertsosarrerak.eus atarian (15 euro)
- 19:00etan, auditorioan, bertso emanaldia. Bertso eskola izango du gai ekitaldiak. Nerea Ibarzabal bertsolaria, eta Aulki Jokoa saioan aurkezle ezagutu genuen Edurne Azkarate aritu dira prestaketa lanetan. Kantuan izango dira Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatebeitia bertsolariak. Sarrerak: www.bertsosarrerak.eus atarian (arrunta 15 euro; bazkideek 12 euro; eta, gazteek 10 euro).
- 21:30ean, Barañaingo udaletxearen aurrean atonduko den karpan, kontzertuak: Oinutsik, Hezurbeltzak eta Kasu.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteroko batzarra egiteko baliatuko du hitzordua. Urtarrilaren 26an Barañainen egingo du, kultur etxean, 9:45ean.