Iralaren 22an, Barañaingo Auditoriumean, aurkeztuko den muntai honekin, koreografoek dantza zabaldu nahi dute. Sarrera doakoa da eta gonbidapena lehiatilan jaso beharko da.
Gaur goizean aurkeztu dute obra, eta aurkezpen-lanetan ibili dira Mamen Oroz eta Marta Coronado Nafarroako Gobernuko Kultura Ekintzako zuzendaria eta arte-zuzendaria hurrenez hurren; Laida Aldaz eta Carmen Larraz proiektuaren koreografia-laguntzaileak; eta José Lainez eta Concha Martínez Kulturaren Viana Printzearen 2017ko sarituak.
“El silencio de las flores” ikuskizuneko partaideek koreografo-bikote horrekin lan egin dute uneren batean, karreran zehar. Hasteko, Marta Coronado aipa genezake, Bruselan bizi den arte-zuzendari, dantzari eta koreografo nafarra. Yauzkari taldeko kideetako bat da, Pablo Juanko dantzariarekin batera. Bestalde, Carmen Larraz, Laida Aldaz eta Cristina Goñi Nafarroako Gobernuaren Dantza Eskolako ikasleak izan dira, José Lainez zuzendaria eta Concha Martinez Dantza Klasikoa Saileko irakaslea eta arduraduna zirenean.
Cristina Goñi, Pablo Juanko, Laida Aldaz, Carmen Larraz eta Marta Coronado sortzaile eta interpretatzaileen “El silencio de las flores” ikuskizunaren koreografia Marta Coronadok izenpetuta dago. Laida Aldaz eta Carmen Larraz arduratu dira laguntza koreografikoaz eta ekoizpenaz. Eta David Bernués, berriz, argi-diseinuaz, muntaketa teknikoaz eta koordinazioaz. Jantziez, MG. Musika Erik Satie, Heitor Villalobos eta Antonio Ruiz Ripó egileek izenpetuta dago. Eta Mikel Muruzabal arduratu da sustapeneko argazkiez.
Barañaingo Entzunaretoa eta Iturramako Civivox izan dira obraren egoitza artistikoak.
Proiektuaren sinopsia
Isiltasuna soinuaren erabateko absentzia baldin bada, giza komunikazioaren eremuan hitz egiteari uko egitea ere bada. Soinu absentziak, ordea, ez du beti esan nahi komunikaziorik ez dagoenik. Isiltasuna solemnea izan daiteke, argigarria.
Obra honek isiltasunaren barrena bidaiatzea proposatzen digu, zarataren absentzia ez ezik irudien gelditasuna, kontzeptu etenak eta ez-hitzezko harremanean ere errepara dezagun. Isiltasuna sortze- eta bilaketa-tresnatzat hartzea bat egiten gaituenaren kausa bilatzeko, eta harremanen inguruan ikertzeko. Isiltasunaren talde-introspekzioa, haren hutsarekin eta osotasunarekin.
Marta Coronado, koreografo nafarra
Iruñean jaio zen, eta Nafarroako Gobernuaren Dantza Eskola Ofizialean dantza-ikasketak egin zituen. José Lainezen Yauzkari konpainian dantzan hasi zenean ekin zion lanbide-karrerari. 1996an, Bruselara bidaiatu zuen P.A.R.T.S. eskolan ikasten jarraitzeko asmoz. 1998an, Anne Teresa De Keersmaeker-en Rosas konpainian dantzan hasi zen.
2002ko denboraldian Bessie Saria jaso zuen (New York Dance and Performance Award) haren prestazio artistikoagatik.
2008an, P.A.R.T.S eskolan Rosas-en errepertorioaren zuzendarikide moduan ekin zion lanbide-ibilbideari, “Drumming” eta “Re-rain” proiektuekin. Gaur egun, entseguen zuzendaria da Rosas konpainiako errepertorioen atalean.
Irakasle gonbidatua izan da Vienan (ImPulzTanz), Madrilen, Amsterdamen (Theatre School), Buenos Airesen, Hong Kongen, San Paolon, Caracasen, Johannesburgon edo La Raffinerien (Brusela); eta hainbat konpainietan ere, horien artean Última vez, Thor Company eta Marsellako Ballet Nazionala.
2009an hasi zen koreografo-lanetan, La Salle Singaporen, CDC Toulousen, Fueradelejen eta Dantzaz Kompainian sortze-lanak egiteko eskatu ziotenean.
2011n, House of Bertha taldea sortu zuen. 2013an, PHD In One Night proiektuan parte hartu zuen.
Egun, “Orfeo and Manjun” proiekturako La Monnaie operan koreografo gonbidatua da, eta Anne Teresa De Keesrmaeker-en koreografo laguntzailea Broadwayn, “West Side Story” musikala berregiteko.
Iruñeko La Faktoria koreografia-zentroko zuzendarikidea da, Laida Aldaz eta Carmen Larrazekin batera.
José Lainez, Concha Martínez
José Lainez eta Concha Martínez aitzindariak izan ziren dantza garaikidea Espainian sartzen. Haien ikuspegi artistikoa gorputzak espazioarekin duen harreman esperimental eta probokatzailean oinarritzen da, eta hainbat belaunaldiz dantza garaikidearen sortzaile eta dantzariek inspiraziotzat hartu dute ikuspegi hori.
16 urte zituztenean, José Lainez eta Concha Martínez Donostiatik Amsterdamera joan ziren, eta bost urtez dantzan aritu ziren Het Nationale Ballet konpainian. Donostiara itzuli zirenean (Donostia, 1970), dantza garaikideko lehen taldea eratu zuten, Anexa izenaren pean, eta proposamen artistiko berri bat egitea lortu zuten. Proposamen hauslea, probokatzailea eta abangoardista izango zen.
1973an, ezustean sartu ziren Bartzelonako agertokian. Capsa antzokiak hainbat hilabetetarako lana programatu zien. José Lainez eta Concha Martínez Bartzelonako Antzerki Institutuaren irakasleen kidegoan sartu ziren. Gainera, José Lainez denbora batez Dantza Garaikidea Saileko koordinatzailea izan zen.
Beranduago, Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioaren Dantza Saileko zuzendari izatera pasa eta Yauzkari (1980) dantza garaikideko taldea sortu zuten (1980). Dantza talde berriarekin ordura arte balletarekin lotura handiegirik ez zuen musika erabiliz lan probokatzaile eta konprometituak eszenaratu zituzten. Europa parte batean zeharkatu zuten, eta sari ugari irabazi zituzten.
José Lainezek eta Concha Martínezek Piejuntoapie dantza-konpainiarekin antzeztu zituzten haien azkeneko obrak, Iruñean. 2010ean, Iruñeko Gayarre antzokian estreinatu zuten haien azkeneko lana: “Becket 5”.
2017ko maiatzaren 27an, Lainezek eta Martínezek Kulturaren Viana Printzearen Saria jaso zuten “haien sortze-lan, eszenaratze eta prestakuntzarekin dantza garaikideari ekarpen garrantzitsua egiteagatik”. Nafarroako lehendakariaren Uxue Barkos andrearen eskutik jaso zuten saria, Oliteko Errege Jauregiaren patioan.