Zientzia, teknologia eta frikismoa lantzen ditugu Metropoli Foraleko laborategi erradioaktiboan. Aitor Zandueta ikerlaria Klingon arrazako humanoidea da. Jedi maisu indartsua eta jakintsua. Materia organikoz eta elementu teknologikoz osatutako Ziborg izakia. Aitor Zandueta, makilakixki.
Facebook, txiroentzako tranpa sarean
Facebook bere Internet sare propioa sortu nahian dabil: Internet.org edo Free Basics. Munduko populazio txiroari dago zuzendua. Doakoa da. Konektatzeko ez da datu tarifarik ordaindu behar. Facebook mundua menderatzeko bidean da, Googlek uzten badio behintzat.
Sare sozialik handiena du: 1.700 milioi erabiltzaile. Diru sarrera ikaragarriak: 18.000 milioi euro 2015ean. Gainera, egunetik egunera handituz doa gero eta gehiago. Whatsapp berea da eta whatsappeko informazioa erabiltzen hasi da berriki Facebook indartzeko. Beste enpresa zenbait ere erosiak ditu: Instagram (argazkiak partekatu), Oculus VR (errealitate birtuala).
Asmo onez eginiko proiektua dirudi. Egoera ekonomiko txarrean daudenentzako doako internet eskaini. Hala ere kritika handiak jaso ditu alde askotatik. Facebooken, internet sare itxia izatea leporatu izan zaio. Internetetik at. Ez daude zerbitzu guztiak, Facebook sare soziala eta Facebookek aukeratutako zerbitzuak, soilik. Jendeari Internetera konektatzeko aukera ematea baino, orain arte internetik izan ez duen jendearengana, eta haien datuengana, iristeko Facebooken estrategia bezala ikusi da.
Herrialde horietan Facebookek informazioa nahi bezala zentsuratu ahal izateko moduan egongo litzateke, edo lekuan lekuko gobernuei aukera hau eskaintzeko moduan. Pribatutasun gutxikoa, erabiltzaileen nondik norakoak sarean jarraitzeko egina. Hau guztia sare-neutraltasunez mozorrotua. Zer da neutraltasuna? Pertsona guztiek Interneteko edozein zerbitzu edo webgune erabiltzeko aukera izatea baldintza berdinetan. Hainbat herrialdek ezezkoa eman diote proiektuari: India, Egipto… AEBetan ezartzeko ahaleginetan dago orain. Hesitutako sareak al dira etorkizuneko Intenet? Horra hor galdera. Lotura: Gizmodo, Gizmodo
Solar Roof: teilak eta eguzki panelak bat eginik
Elon Musk, mundu errealeko gure Tony Starken helburu bakarra ez da Martera joatea. Gure planeta garbiagoa izatea ere, bidean dirua eginez, noski. Urriaren 28an Tesla enpresak (Elon Muskena) Solar Roof teknologia aurkeztu zuen.
Argi panelak dira etxeetarako teila berezi hauek. Teila arrunten itxura dute. Kolore eta testura desberdinetan egongo dira salgai, baita betiko teilen itxurarekin. Betiko teilak baino askoz gogorragoak dira. 50 urteko bizitza dute. Ohiko eguzki-panelak bezain eraginkorrak dira. Teiletan jasotzen den energia gordetzen du etxerako bateriak sortuz.
14kWh energia gorde dezakete, bataz beste AEBetako etxe batek egunean kontsumitzen duena. Hamar urteko bizitza dute. Prezioaren inguruan ez dute ezer esan, baina garestia izango da: bateriak bakarrik 5.500 dolar balioko du. Lehenengo teilak 2017. urtean izango dira salgai AEBetan. Helburua: nork bere buruarentzat behar bezainbeste energia sortzea. Loturak: The Verge, Business Insider, CNET
Hosto bionikoak
Fotosintesiaren bitartez landareek, algek eta bakterioek karbono dioxidoa materia organiko bihurtzen dute. Horretarako ur molekula apurtu egiten dute (hidrolisia) eguzkiaren energia erabiliz. Science zientzia aldizkarian argitaratutako artikulu batean hosto artifizialak erakutsi dituzte, benetako hostoak baino eraginkorragoak direnak.
Hosto artifizialen artean ohiko eguzki-panela dago. Honen bitartez elektrizitatea ekoizten da. Elektrizitatea erabiliz eta kobaltoz eta fosforoz egindako katalizatzaile baten bidez ura hidrogenoan eta oxigenoan apurtzen dute.
Beste aldetik, Raistonia eutropha bakterioa dago. Bakterio honek, sortutako hidrogenoa erabil dezake atmosferako karbono dioxidoa materia organiko bihurtzeko. Sistema honen eraginkortasuna %10ekoa da eta landareena aldiz, %1ekoa. Lotura: Popular Science
Barre egiteak ez gaitu alaiago egiten
Barreterapia tailerrak, auto-laguntza liburuak, koinatuak, sozialki onartua dago barre egiteak alaiago bihurtzen gaituela. Azalpen asko eman dira, baina oinarri esperimental txikia dutenak. Barrearen keinuak endorfinak askatzen ditu. Norbait barrez ikusteak gure ispilu-neuronak aktibatzen ditu. Dena den, azken ikerketen arabera badirudi gezurra dela.
1988. urtean eginiko esperimentu batek zera dio: pertsona batzuk marrazki bizidunak ikusten ari ziren. Aldi berean, keinuak egiteko 2 modu zituzten. Arkatza goiko ezpainarekin eutsiz: keinu negatiboa. Arkatza hortzen artean eutsiz: keinu positiboa (barrea). Irriaren keinua egiten zutenentzako barregarriagoak ziren marrazki bizidunak.
Orain esperimentua errepikatu egin dute baina emaitzak ez dira berdinak izan. 1894 pertsonekin egindako esperimentua da. 17 laborategi desberdinetan banaturik. Esperimentuan, arkatzak erabili zituzten keinuak simulatzeko. Marrazki bizidun bera erabili zuten. Aldez aurretik atal bakoitza zenbateraino zen dibertigarria baloratu zuten zientzialariek, objektiboa izan zedin. Boluntarioei azalpen guztiak eta jarraipen guztia kameren bitartez egin zitzaizkien, zientzialarien azalpen edo keinuak eragina izan ez zezaten. Emaitza: esperimentu bakar batek ere ez zuen eraginik ikusi.
Azken esperimentu honi kritikak egin zaizkio. Barrearen eragina txikia da eta hortaz ez dira ikusteko gai izan. Esperimentua gehiegi aldatu zen. Emaitza negatiboa izateak ez du esan nahi lotura ez dagoenik. Ondorioz, badirudi barrea eragiteak ez gaituela alaiago egiten. Guzti honek, batez ere psikologiaren zientzian dagoen arazo larria azaleratzen du: esperimentuak errepikatuz gero, gutxitan errepikatzen direla emaitzak. Loturak: Xataka Ciencia, Live Science
Zientzialariek ere Bob Dylan maite dute
Bob Dylani Literatura Nobel saria eman diote, baina zientzian ere ez dabil batere makal. Ikerlan baten arabera 2015eko maiatza arte 213 alditan azaldu zen Bob Dylani biomedikuntza arloko artikulu zientifikoetan. 1990eko hamarkadatik aipamenak esponentzialki handitu egin diraAdibide zenbait horren erakusle: “Nitrato eta nitritoa, garaiak aldatuz doaz” ->"The Times They Are a-Changin”: 135 aipamen ditu. audioa“Oxido nitrikoa eta hantura, erantzuna airean dago”-> "Blowin' in the Wind" 36 aipamen ditu.
Hau guztia apustu bat bezala hasi zen 1997. urtean, Estokolmoko Karolinska ikerkuntza institutuko zientzialarien artean. Zientzia-ibilbide osoan Bob Dylanen aipamen gehien argitaratzen zituen zientzialariak irabaziko zuen apustua. Saria: afaria bertako jatetxe batean. Txantxa zabaldu egin zen eta zientzialari gehiago hasi ziren aipamenak beren artikuluetan sartzen
Lotura: Voz Pópuli, The Guardian