Barañaingo, Burlatako eta Eguesibarko udalek, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak (Garapenerako Lankidetzako Tokiko Funtsa kudeatzeko erakunde moduan) eta Iruñerriko Mankomunitateak hitzarmen bat sinatu zuten joan den uztailean, 2016-2018 aldirako garapenerako kooperazioko proiektu bat elkarrekin finantzatzeko helburuarekin.
Deialdi publikoa egin ondotik, finantzaketa bultzatu duten erakundeek “Lehorteak eragindako gosearen aurkako ekintza integrala Kokuselei eremuko hiru komunitatetan, Ipar Turkanan, Kenyan” izeneko proiektua aukeratu zuten, Rode fundazioa GGKEak proposatutakoa. Proiektu horrek lau arlo hauetan du eragina: ura (hiru eguzki-ponpa), osasuna(arreta-prebentzioa), nekazaritza (erkidegoko hiru baratze) eta haurren elikadura (arreta eta elikadura urritasunaren prebentzioa 210 haurrengan).
Ekimenak arreta jartzen du Kokuselei eremuko hiru komunitatetan (Ngameriak, Alagama eta Ekurruchanai), eta asmoa du herritar ahulenengan lehenestea ekintza: emakumeak eta 6 urtetik beherako neska-mutikoak. Hartara, osasuntsu dauden herritarrak abiapuntu hartuta, oinarrizko baliabide eta azpiegiturekin, denontzako orain eta etorkizun duinagoa ziurtatzeko. Aukeratutako eremu hori oso gune elkorra da, ia basamortua, eta, beraz, herritarrei eta haiek bizirik irauteari larri eragiten dieten lehorteak ohikoak dira. Proiektuaren kontrapartea (herritarren interesak ordezkatzen dituen eta proiektuak abiarazteko ezagutzak ematen dituen tokiko erakundea) Missionary Community of St. Paul Apostle da, eta osasun, heziketa, ur eta elikadura askitasunaren arloan zerbitzu garrantzitsuak ematen ditu. Bi erakundeak lan teknikoa egiten ari dira, Nafarroako gizartea inplikatzea bilatuta era berean; izan ere, gure gizartea aberastu ahal izango da kulturarteko eta gizarte lotura hauen bidez.
Ekimena hurrengo hiru urteetan garatuko da, eta 366.000 euroko aurrekontua du. Horietatik 333.000 euro (%91) hitzarmena izenpetu duten erakundeek emango dituzte; zehazki, urte bakoitzean 111.000 euroko ekarpena egingo da. Iruñerriko Mankomunitateak 60.000 euroko ekarpena eginen du, kopuru osoaren %18.
Garapenerako Lankidetzako Tokiko Funtsean tokiko 100 erakundek parte hartzen dute gutxi gorabehera urtean, elkarrekin kudeatzeko kutxa komun baterako eman nahi dituzten baliabideak, garapenerako kooperazio programa bakar batean.