Astelehenetik aurrera programazio berria, inoiz baino indar handiagoz

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 19a

Irratiko hainbat kolaboratzaile, maiatzean, frekuentzia berria aurkezteko prentsaurrekoan.

> Lizentziarekin eta Iruñerri osora indarrez iristen den seinalearekin ekinen dio denboraldi berriari, haren 28 urteko ibilbidean lehenbizikoz.
> Programazioa bizkortuko du, albistegiak indartuz, Osasunaren partidak emanez, eta umore saio berria eskainiz.
> Astelehenean, hilaren 19arekin, hasiko du denboraldi berria.

Otsailaren batean, Euskalerria Irratiak lizentzia ofiziala jaso zuen. Maiatzean, frekuentzia berrian, FM 98.3an emititzen hasi zen, Ezkaba menditik Iruñerri osora iristen den seinalearekin, indarrez, kalitatez, behingoz, sortu eta 28 urtera.

Astelehenean, irailaren 19arekin hasiko den denboraldi berrian, Euskalerria Irratia euskaldun gehiagorengana indar handiagoz iritsiko da. Eta ahalegin berezia egin du programazioa ere zabalagoa eta indartsuagoa izan dadin.

Albistegi indartuak

Albistegiak indartu eginen ditu. Maialen Huartek hartuko du Iruñerrian gaur eguerdiko albiste emankizunaren gidaritza. Harekin batera ariko dira Mikel Bujanda eta Saioa Alkaiza kazetariak. Bujandak goizeko albistegia zuzentzen segituko du.

Irratia, Lehen Mailan

Osasuna Lehen Mailara itzuli den honetan, Sadarreko partidak zuzenean eskainiko ditu irrati euskaldunak. Iñaki Berastegi eta Eñaut Agirrebengoa kazetariak arduratuko dira zeregin horretaz.

Martxelo Sotesen umore saioa

Umoreak tarte zabalagoa izanen du denboraldi berrian, Martxelo Sotesek eta Julen Leuzak umorezko saioa eginen baitute asteazken arratsaldeetan. Gaurkotasunari ironia handiz helduko diote, Sotesen imitaziorako gaitasun itzela baliatuz.

150 kolaboratzaile

Goizeko magazina, Metropoli Forala, Pello Argiñarenak eta Juan Kruz Lakastak eginen dute. Arratsaldekoa, Irrintzi Plaza, Txari Eletak eta Reyes Ilintxetak. Bi saioetan, orotara 150 kolaboratzailek parte hartuko dute.

Batzuek, hamarkadak daramatzate kolaboratzen: Aingeru Epaltza, Inma Errea, Jon Alonso. Beste batzuek, gutxiago: Angel Erro, Ioar Cabodevilla, Hedoi Etxarte. Denen artean bihurtzen dute Euskalerria Irratia Iruñerriko euskaldunon topagune, plaza, sorleku.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!