Udazkeneko ikastaroetan izena emateko adina 35 urteetara arte handitu du Iruñeko Udalaren Gaztediaren Etxeak. Udal baliabide honek hainbat alor lantzen dituzten 32 ikastaro eskainiko ditu: kultura, garapen pertsonala, estetika eta ongizatea, dantza eta adierazpena edota kirol-jarduerak. Ikastaro horien erdiek leku guztiak beteta dituzte. Oraindik izena eman daiteke, besteak beste, Illustrator, ebaketa eta jantzigintza, gurpil kubatarra, antzerkia, stretching eta graffiti eskoletan. Ikastaroen prezioa 13,20 eta 55 euro artekoa da. Horiez gain, badira leku libreak dituzten beste 14 informatika-lantegi, doan.
Gaztediaren Etxean bertan eman daiteke izena (Zangoza kalea, 30) ikastaro zein lantegietan.
Horretarako, NAN txartela aurkeztu eta matrikularen prezioa ordaindu baino ez dago.
Kultura- zein ongizate-ikastaroak eta kirol-jarduerak
Ingelesezko elkarrizketak, graffitiak mihise gainean, eskuz egindako koaderno eta albumak, ebaketa eta jantzigintza, edota Adobe Illustrator programarekin ilustratzea. Horiek dira Gaztediaren Etxeak proposatzen dituen eta leku libreak dituzten kulturako eta garapen pertsonal zein profesionaleko ikastaroetako batzuk, eta aurtengo iraila eta abendua bitartean egingo dira. Ikastaro bakoitzak bi saio izango ditu astean, eta prezioa 26,40 eurokoa da (21,60 eurokoa, 14 eta 18 urte bitartekoentzat).
Estetika eta ongizateari dagokionez, pilatesen zein makillajea eta estetikan eman daiteke izena. Horien prezioa 26,40 eurokoa da (21,60 eurokoa, 14 eta 18 urte bitartekoentzat). Masajean, automasajean eta erreflexologian hasteko ikastaroetan ere lekuak daude, 55 euroan (45 euroan, 14 eta 18 urte bitartekoentzat).
Kirol-jarduerei dagokienez, hasierako eskaintzatik badira leku libreak oraindik honako jarduera hauetan: funtional training, aerobic eta step, eta body pump. Ikastaro bakoitzak bi saio izango ditu astean, ordubetekoak, hiru hilabetetan zehar, eta prezioa 26,40 eurokoa da (21,60 eurokoa, 14 eta 18 urte bitartekoentzat). Core eta stretching saioak izango dira, baita ere, astean behin, ordubetez, 13,20 euroan (10,80 euroan, 14 eta 18 urte bitartekoentzat).
Gaztediaren Etxeak, halaber, dantza- eta adierazpen-jarduerak eskaintzen ditu. Kubatar gurpila ikas daiteke oraindik, astean bi egunetan, 26,40 euroan (21,60 euroan, 18 urtetik beherakoentzat). Gaztediaren Etxeko antzerki-lantegian parte hartzeko aukera ere bada. Bi ordutako saioak dira, larunbatetan, 26,40 euroan (21,60 euroan, 18 urtetik beherakoentzat).
Doako informatika-lantegiak
Aurtengo udazkenerako programatu diren informatika-lantegi guztiak astean bi egunez egingo dira, 19:00etatik 21:00etara, Gaztediaren Etxean bertan. Irailaren 20an eta 22an, 3D-n modelatzen ikasteko Freecad lantegi bat egingo da, hastapen-mailakoa, eta 27an eta 29an, gai horren inguruko beste lantegi bat, maila aurreratuan.
Urrian formula hori bera erabiliko da beste bi lantegitan: hastapen-mailakoa lehenik, eta sakontzeko bigarren atal bat ondoren. Bideo digitala editatzeko ikastaro bat egingo da urriaren 4an eta 6an, eta horren bigarren atala 11n eta 13an egingo da. Arduino I eta II erabiliz robotikan hasi nahi dutenek urriaren 18an eta 20an, eta 25ean eta 27an egin ahal izango dute, hurrenez hurren.
Azaroan lau lantegi izango dira, aste bakoitzeko, bana. 2an eta 3an Photoshop erabiliz argazki-ukituak egiteko teknikak ikasiko dira. 8an eta 10ean, maila digitalean, lehen sorospen kit bat egiteko oinarrizko aholkuak emango dira. 15ean eta 17an, PCaren edo Interneterako loturaren mantsotasuna konpontzeko jarraibideak emango dira. Eta, azkenik, azaroaren 22an eta 24an, lantegi bat eskainiko da, PC bat formateatu eta berreskuratzeko, eta hardware arazoak konpontzeko.
Abenduan, kartelak diseinatzeko bi ikastaro egingo dira, bata 12an eta 13an, eta bestea, 14an eta 15ean. Abenduaren 19an eta 20an Exceleko makroak sortzeko ikastaroa egingo da, eta udazkeneko programazioa ixteko, Eguberriak baino lehen, azkeneko bat egingo da Android mugikorraren edo tabletaren segurtasunari buruzkoa.