Nafarroako Unibertsitateak ohar baten bidez jakitera eman duen bezala, Internet bidezko irrati bihurtuko da Radio Universidad, epailearen aginduz FMn emititzeko lizentzia galdu ondoren. Hala ere, lizentziarik ez izan arren, azken hilabeteotan emititzen jarraitu du Radio Universidad de Navarrak, eta are gehiago, epaileari baimena eskatu zion horretan jarraitzeko gutxienez ikasturtea bukatu arte, aintzat hartu gabe Euskalerria Irratiari eragiten zion kaltea. Orain erabaki honetan atzera egitea erabaki dute.
Unibertsitatetik azaldu dutenaren arabera, proiektu honetan lanean ari dira azken bi urteotan eta dena prest izan nahi dute heldu den ikasturte hasierarako. Irrati honetan ikasleak eta irakasleak ez ezik, profesional oro ere gonbidatua dago parte hartzera.
Bestalde, airean egon den 17 denboraldietako saioen grabazioak bilduko dituztela irrati berrian iragarri dute.
Asteazkenean, arratsaldeko 20:00etan, eten eginen dute emisioa.