Haurrak protagonista D ereduko eskolen topaketan

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 16a, 19:09

Larunbat goizean autobus geltoki zaharrean egin zen Iruñerriko D ereduko eskolen arteko topaketa Sortzenek antolatuta. Aurten jai nazionala Hernanin ospatuko da heldu den igandean.

Aurten 25 urte bete ditu euskarazko irakaskuntza publikoaren alde lan egiten duen Sortzen elkarteak. Aurten hemen Iruñerrian ez da eginen jai handirik, aurreko urteotan bezala. Jai nazionala ospatuko da igandean Hernanin, Sortzen elkarteak abiapuntua izan zuen herrian, hain zuzen ere.

Iruñean, aldiz, eta lehen aldiz D ereduaren Iruñerriko eskola arteko bilkura egin zen larunbat goizean. Gotorlekuan egitekoa zen festa, baina eguraldi aurreikuspen ilunak ezagututa, Autobus Geltoki zaharrera leku aldatzera erabaki zuten.

Han hainbat eskolatako haurrek parte hartu zuten Herri Kiroletako probetan eta haietan Txantreako Bernart Etxepareko neska-mutilak izan ziren txapeldunak.

Bestalde festarako prestatutako koreografia dantzatu zuten haur eta helduek Pantxika Lamourrek gidaritzapean. Musika, dantza, jokoak eta hainbat eskolatako gurasoek prestatutako eskulan tailerrek izan zuten tokia autobus geltoki izanikoan.

 

Sortzenetik aditzera eman zuten bezala, urte hauetan D ereduaren alde lanena aritu direnak omendu nahi izan dituzte jai txiki honekin: “Sortzenek urteak daramatza euskarazko sare publiko hobetu dadin lanean. Urte andana dira zehazki Iruñerrian lehen euskarazko eskola ireki zenetik egindako lana. Gaurko egunean, lan horretan jardun duten eta egun dauden guraso, irakasle eta ikasleak omendu nahi izan ditugu.”

 

Antolatzaileen arabera 700 pertsona inguru bildu ziren festan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!