Amiamoko zuri bikote bakarrak jarri du habia Iruñean. Hegazti honen populazioa gero eta murritzagoa da Nafarroan, Gurelur elkarteak aditzera eman duenez. Elkarte honek urtero aleen zenbaketa egiten du eta datu horietan oinarrituta iritsi da ondorio honetara.
Adituen arabera, gero eta amiamoko gutxiago ikusten dira Nafarroan hainbat arrazoirengatik: ale batzuk argiaren kableen aurka jo eta bertan hilik gelditzen dira eta beste batzuk ez dute elikagai nahikoa aurkitzen edota pozoitu egiten dira zabortegietan jandako zaborrekin. Honi gehitu behar zaio toki anitzetan habiak apurtu eta bota egiten dizkietela.
Bestalde Gurelurreko kideek ikusi dute eraso hauen aurrean zikoinek joera dutela, gero eta gehiago, haien habiak kokagune naturaletan jartzeko, herri eta hirietako eraikinetatik urrun.
Nafarroan Funes herria da amiamoko zuri bikote gehien duen herria, 90 guztira. Ondoren Corella dago, 87 bikoterekin, Lodosa inguruan 79 bizi dira, Cortesen 72, Castejonen 66, Tuteran eta Milagron 46na bikote eta 44 Buñuelen. Gehienek Ebro ibaiko zalduetan dituzte habiak eginak.