Drogen kontsumoarekin lotutako arazoen prebentzioan lanean dihardu Hegoak Elkateak. Jai giroetan edo ospakizunetan, zer nolako helburuak ditugun aztertzea proposatzen du Hegoak Elkarteak abiapuntu gisa, Itziar Martinez teknikariak azaldu digunez: “Ez da gauza bera lagunekin gozatzeko edo ongi pasatzeko ateratzen garenean, edo zehazki ligatzera ateratzen bagara. Izan ere, geure espektatiben arabera modu batean edo bestean jokatuko dugu eta drogekin erlazionatzen bagara ere, emaitza hau oso aldakorra izango da gure helburuaren arabera, izan ere, geure buruari proposatutako helburua ez betetzeak, frustrazioa eragin baitezake.”
Zer kontsumitzen ari garen ezagutzea, bestalde, ezinbestekoa da: “Merkatu ilegaleko substantzien kasuan zaila da ongi ezagutzea zeintzuk diren ezkutatutako substantziaren osagaiak, edo honen benekotasuna, hortaz, hau ezagutzeko, Hegoak Elkartean substantzien analisirako zerbitzua eskaintzen dugu. Honetarako, zuzenean telefonoz hots egitea eta etortzea besterik ez dago.”