EH Bilduk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Aranzadik bat egin dute Herritarren Gaien Batzordean, eta hamabi haur eskoletatik lauk euskarazko eredua ematea bermatu dute.
Kontrako hotsak entzun dira, baina. Maite Esporrin PSNko kidearen aburuz, "gehiegikeria" da neurria, izan ere, auzoetako gurasoei eta zentroetako adituei galdetu behar zaiela uste du.
Enrique Maya alkate ohiak dioenez, "inposatzen" ari den "euskalduntze prozesuaren parte" da neurria.
EH Bilduko Patricia Peralesek, ordea, kontra egin die sozialisten eta erregionalisten esanei, eta euskarazko eskaintza "gutxietsia" egon dela ekarri du gogora. Halaber, bi haur eskola horien beharra nabarmendu du Geroa Baiko Itziar Gomezek: "Hamabi urte eman dituzte hizkuntza eskubideei bizkarra emanda gobernatzen. Egiten ari garen bakarra banaketa bidezkoago bat bilatzea da".
Aranzadiko Alberto Labargak "ontzat eta orekatutzat" hartu du neurria, eta Ezkerrako Edurne Eginok ere begi onez ikusi du, hori bai, xehetasun bat gaineratu du: adituekin hitz egiten beharko lizateke, haren irudiko.
Eskainiko dituzten tokien %74 gaztelaniaz izanen dira eta %26 euskaraz.