Iruñerriko Mankomunitateak 96 milio euroko aurrekontua onartu du 2016rako

Euskalerria Irratia 2015eko azaroaren 10a

Argazkia: Iruñerriko Mancomunitatea-MCP

EH Bildu, Geroa Bai eta zenbait independenteren aldeko botoak, Aranzadi, I-E eta PSNren abstentzioa eta UPNren aurkako botoa izan dituzte aurrekontuek.

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak 2016rako aurrekontuak onartu ditu gaur. 96 milioi euro izanen dira eta haietatik 79,4 Iruñerriko Zerbitzuak, Sozietate Anonimoarentzat bideratuko dira. Elkarte honen ardurapean daude uraren hornidura, saneamendu zerbitzuak, hondakinen kudeaketa, hiri garraioa eta ibai parkea.

Aurrekontuetan 570.000 euroko partida bat zehazten da CANASA elkarteari Nafarroako Ubideko ura hartzeagatik ordaintzeko. Diru kopurua iaz ordaindu zenaren ia erdia da, orduan milioi bat euro ordaindu baitzitzaion.

Partida honetan aurreztutako dirua Iruñerriko herri txikietako ur hornidurarako sareak berritzeko eta hobetzeko erabiliko dela iragarri dute.

Aurrekontuen arabera, 160.000 euro bideratuko dira Eskualdeko Mugikortasun Behatoki bat egitera eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana modu parte hartzailean garatzera.
Honetaz gain, 150.000 euro inbertituko dira hondakin organikoen trataerarako planta berri batean, hauek Kaparrotsura bidali behar ez izateko. Beste 500.000 euro Lezkairu-Mutiloarteko bilketa pneumatikoaren zentralerako bideratuko dira; 125.000 administrazio elektronikoa ezartzeko; 100.000 ibai parkea Iruñean eta Eguesibarren zabaltzeko eta beste 150.000 gauza bera Landabenen egiteko.  

Bukatzeko, Ama Salestarren komentu zaharrean Mankomunitatearen egoitza berriaren proiekturako 250.000 euro baliatuko dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!