Aritz Aiesa: “Itoizko urtegiko uraren kanona %15 igo dute, gu Mankomunitatera iritsi aurretik”

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 18a, 13:09
Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesa, Euskalerria Irratiko estudioetan

Lehen urtean milioi bat euro ordaintzen zen, orain 1.150.000. Orain arte martxoan adosten zuten kanona. Aurten irailean egin dute.

Iruñerriko Mankomunitateko presidente berri Aritz Aiesak (EH Bildu) Euskalerria Irratiari eskaini dio lehen elkarrizketa.

Mankomunitateko presidenteak zer du, auto ofiziala ala billabesa ofiziala?

Bizikleta, bizikletan etorri naiz. Hala moldatzen naiz, eta oso erosoa da. Iruñeko malda horiek ditugu, baina bestela oso ongi erosoa da.

Mankomunitateko presidentetzara iristeko bidea korapilatsu samarra izan da.

Lana handia izan da. Programaren inguruan sekulako lana egin dugu. Jende askorekin elkartu gara.

Ez nintzen zehazki programaz ari, baizik eta aldaketaren aldeko indarren artean izan duzuen desadostasunaz. Zergatik ez duzue adostasunik lortu?

Guk programaren inguruan egin dugu lan. Geroa Baik bere lan ildoa zehaztu zuen, eta hautagaia aurkezteko apustua egin zuen. Guk programaren gainean lanean segitu genuen.

Geroa Baiko Itziar Gomezek presidentetzarako hautagaitza aurkeztu zuen, baina gero atzera egin zuen. Zer iruditu zitzaizun?

Guk lasaitasunez ikusi dugu dena. Guk memento horretan programa lantzen segitu genuen. Aldaketaren mahaian elkartu ginen, eta haiek erabaki zuten Mankomunitateko presidentetza hortik kanpo uztea. Guk lanean segitu genuen.

Bazenekiten hautagaia aurkeztuko zutela?

Ez, guretzako sorpresa izan zen haiek hautagaia aurkeztea eta horrelako urratsa egitea. Gu programa lantzen ari ginen, programaren gainean hasi ginen lanean lehendabizi, ikusteko zer adosten genuen, eta gero erabakitzeko pertsona. Guk uste dugu zilegitasun osoa geneukala zenbakien gainean hautagaia aurkezteko, eta horrela egin dugu lan.

Presidentea hautatzeko bozketan gehiengo osotik hurbil geratu zinen: 26 boto izan zenituen, eta gehiengo osoa 28an dago. Legealdian arazorik espero duzu?

Oso pozik gaude. Oso gehiengo zabala lortu genuen. Programaren gainean akordioa dugu Aranzadirekin, Burlatako eta Barañaingo Podemos-Ahal Dugu-ren inguruko hautagaitzekin, independente batzuek ere gure alde bozkatu dute, eta lan egiteko jarrerarekin.

Itziar Gomezek dio zuen programa ez dela serioa.

Geroa Bairekin arazoa izatekotan ez dago programan.

PSN presidentetza edukitzetik lau bozka edukitzera pasa da. Elkarlanerako aukerarik izanen al duzue?

PSNko ordezkariek esan zuten zenbait alorretan lan egiteko prest egonen direla. Ez dakigu zeinetan, baina guk jarrera irekia dugu, eta lanerako prest gaude. Beste erakundeetan duten jarrera ikusita, ikusi beharko da. Haiek ere moldatu behar, eta beren lekua bilatu behar.

Aranzadirekin, Ahal Duguren inguruko zenbait hautagaitzarekin, Izquierda-Ezkerrarekin eta independente batzuekin lotu duzue programa. Nolakoa izan da hori lortzeko prozesua?

Lan pila bat egin dugu. Zirriborro aldaketak izan dira, mahai-inguruak, buruz-buruko bilerak. Ekarpen mordoa jaso dugu eta programa sakon eta sendoa lortu dugula uste dut.

Kudeaketa eredu presidentzialista apurtu nahi duzuela diozu. Nola?

Udalek zinegotzigotziekin funtzionatzen dute, eta guk lan eredu hori erabili nahi dugu. Lan eredu hori lortzeko ereduarekin lan egin behar dugu.

Zuen beste ardatzetako bat gardentasuna  izanen ei da. Zer egin nahi duzue zehazki?

Gardentasunaren webgune bat lantzen ari dira. Horren inguruan idei berriak sartu nahi ditugu, eta harago joan. Lan handia egiten ari dira, eta horretan sakonduko dugu.

Soldaten jaitsiko dituzuela esan duzue. Zenbat?

Oraindik ez dugu zehaztu Jaitsiera nabarmena izanen dela esan dugu.

Garraioari dagokionez, mankomunitateko teknikariek aurten prestaturiko plangintza daukazue mahai gainean.

Indarrean jartzen saiatuko gara. Bi plan daude. Dirutza beharko litzateke horiek ezartzeko, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza beharko genuke. Bat 50 milioi eurokoa da, eta ideia berritzaile mordoa du. Bigarren bat ere bada, 25 milioikoa. Garraio eraginkorragoa lortzea da helburua. Adibidez, herri txikietara iristeko taxien bidez loturak egitea. Badira ideiak eta hitzarmen batzuk Nafarroako Gobernuarekin. Horretan sakondu nahi dugu. Eta hirian, Iruñean, beste planteamendu batzuk badauzkagu. Lanean ari gara. Ikusi beharko da. Arlo guztietako zuzendariekin elkartzen ari gara. Ideiak biltzen ari gara.

Hondakinen alorrean diozue bilketa selektiboa egin nahi duzuela, Europar Batasunak ezartzen dituen tasetara iritsi nahi duzuela. Atez atekoa da helburua?

Ez. Gaur egun ez dugu atez atekoa helburu edo lan ildo bezala planteatzen. Bosgarren zabor edukiontzia dago martxan, eta zabaltzen ari da, ikusi nahi dugu ea zein erantzun jasotzen dugun. Ongi doa eta apustu sakonagoa egin behar da. Gero helburua ere bada Europaren zero zabor helburu horretara iristea.

Hor nonbait irakurri dugu Itoizko urtegiko urik ez duzuela nahi.

Izua zabaldu nahi dute zenbait hedabidek. Ideia ez da hori. Kontua da Mankomunitatean sorpresa jaso dugula. Itoizko urtegiaren kanona urtero martxoan berritzen da. Aurten irailean egin dute, eta %15 igo dute. Orain arte milioi bat eurokoa zen. Orain, 1.150.000. Gure programan dioguna da hori berrikusi eta berraztertu nahi dugula. Beharra dago ur hori erabiltzeko edo ez, baina berraztertu eta berriz negoziatu behar dugu.

Aurreko presidentetzak Iruñeko salestarren komentura eraman nahi zuen mankomunitatearen egoitza. Zuek zer eginen duzue?

Hausnarketa bat egin behar dugu, eraikin hori egokia den ala ez erabakitzeko.

Operazio urbanistikoa eginda dago.

Bai, erosketa eginda dago, finantzatua dago. 11-12 milioi izan zirela esan zuten. Badaude iritzi ezberdinak horren inguruan.

Badago egoitza baten beharrik?

Zerbitzuak sakabanaturik daude. Herritarrentzako arreta leku batean, beste bulego batzuk beste batean, zuzendaritza hirugarren batean… Alokairu batzuk ordaintzen dira. Logika bat badu dena elkartzeak. Eta Mankomunitateak egoitza bat merezi du. Erakunde garrantzitsua da.

Zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratu nahi duzuela diozue. Nola?

Zenbakiak egin behar dira, eta patxadaz ikertu, baina uste dugu posible dela. Ikusi behar da nola geratu den aurreko kontratua hondakinen alorrean. Joan den urtean berritu zuten. Ikusi beharko da. Kamioiak eta Mankomunitatearenak dira. Bakarrik kudeaketa pribatizatzen dute.

Garraioaren kontratua 2019an amaituko da, eta hor badago denbora gauzak ongi aztertzeko.

Adibidez, Atarrabian kale garbiketaren kudeaketa publifikatu dute, eta zenbakiek erakusten dute hobe dela, eta kalitate handiko zerbitzua eskain daitekeela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!