Oihaneder Indakoetxea (Barañaingo alkatea): "Herriaren nortasuna indartu nahi dugu"

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 22a, 13:26

Oihaneder Indakoetxea duela 37 urte sortu zen Etxabakoitzen. Nafarroako hirugarren herririk jendetsuenean, aginte makila eskuratu duen lehen emakumea da. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta Burlatako Askatasuna institutuko plastika eta marrazketa irakaslea da. Bere esanetan, azken legealdietan grisa nagusitu da Udalean, eta herri koloretsuago bat lortzeko lan eginen du.

Ikasgelatik alkatetzara. Irakaskuntzan duzun eskarmentuak lagunduko dizu udaleko jardunean?

Irakasleok badugu entzuteko, ulertzeko, laguntzeko, sortzen diren beharrei erantzuteko gogoa. Udalean baliagarriak izanen dira horrelako dohainak. Herritarrek dituzten arazoak eta kezkak gertutik ezagutu nahi ditugu. Enpatia beharrezkoa izanen da.

Ozta-ozta lortu duzue aldaketa Barañainen. Erregimenaren aldekoek hamar hautetsi lortu dituzte eta besteok hamaika.

Barañain herri askotarikoa da. Zazpi indar gaude Udalean. Garrantzitsuena da lau alderdi ados jarri garela eta hautagai bakarraren alde egin dugula. Hor hasi da aldaketa politikoa. Urteak daramatzagu elkarlanean eta oinarri sendoak ditugu gure artean. EH Bildu, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta Barañainen Parte Hartuz taldeak bat eginik ariko gara. Alkatea ez dago bakarrik.

Barañaingo Udala orain dela 31 urte sortu zen. Herriaren nortasuna indartu behar dela diozu. Zer esan nahi duzu?

Orain arte, politika administratiboa garatu dute aurreko udalek. Errotik aldatu nahi dugu joera hori. Barañain herri bizia da. Ez da lo egiteko tokia. Elkarte asko dago. Harreman asko dago bizilagunen artean. Udaletik lagundu eta bultzatu egin nahi dugu gizarte dinamikoa.

Zein izanen dira zuen programaren ardatz nagusiak?

Gizarte zerbitzuak indartzea da lehentasun nagusia. Beharrean daudenak lagundu nahi ditugu. Adibidez, egunotan aztertzen ari gara udan eskoletako jantokiak zabaltzea beharrezkoa izanen den edo ez. Bestalde, zerbitzu publikoen aldeko apustua egin nahi dugu. Orain arte egin diren pribatizazioekin ez gaude konforme. Aurrera jarraituz, herritarren arteko kohesioa lortu nahi dugu. Barañain herri askotarikoa da. Ezberdintasun hori aberastasun bihurtu nahi dugu. Bizilagunen arteko harremanak ehundu nahi ditugu. Zubiak eraiki. Azkenik, asmo hauek guztiak gauzatu ahal izateko politika eredu berri bat abian jarri nahi dugu. Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Informazioa eta gardentasuna ere.

Aurreko legealdietan UPNk izan du alkatetza. Nola utzi dute Udala erregionalistek?

Hori hasi gara aztertzen. Egoera ekonomiko erreala ezagutu nahi dugu lehenik. Kontratu pribatuak ere sakonki begiratuko ditugu. Hirigintzari dagokionez, martxan dauden obren egoera ikusi nahi dugu. 

Azken urteotan herrian polemika piztu duten proiektu zenbaiti buruzko iritzia ere eskatu nahiko nizuke. AHTk zenbaterainoko eragina izan dezake herrian?

Makro-proiektu hauek ez dakarkiote onurarik herriari. Ez gaude ados. Horrelako azpiegiturek atzetik ekartzen duten gizarte eredu horren aurka gaude. Tamalez, udalen gainetik Nafarroako Gobernuak izanen du azken hitza.

Mercadona bezalako saltokien etorrerak ere haserrea piztu du herrian?

Udaletik adierazi zuten diru sarrera handiak ekarriko zituela Mercadonak. Lanpostu berriak sortuko zituela. Mesede handia eginen ziola herriari. Egia berdaderoa da kalte handiak eragin dituela. Saltoki txiki franko itxi dituzte herrian. Gertuko komertzio hori desagertzen ari da.

Demografiari dagokionez, hirugarren herria zarete. Orotara, 21000 biztanle. Zein da herritarren profila? 

31 urte ditu herriak. Barañain zahartzen ari dela esan genezake. Adineko jendea herriaren sarrerako dorre handietan eta haien inguruko auzoan bizi dira. Barnealdean, udaletxearen auzoan, seme alabak handituta dituzten familiak bizi dira. Azkenik, herriaren bukaeran eta lakuaren inguruan gazteak eta ume txikiak dituzten bikoteak bizi dira.

Iruñerriari begiratuta zuen koalizioak zazpi alkatetza lortu ditu. Beste zenbait alkate abertzale eta ezkertiar ere badira. Babestuta sentitzen zara?

Babesa, lasaitasuna, elkarren artean lan egiteko aukera ematen du egoera berriak. Batez ere, ilusio handia dugu guztiok eta lana ongi egiteko ardura eta gogoa. Aurrekoan Nafarroako Parlamentuaren lehen saioan alkate asko elkartu ginen eta hor dagoen energia hori aprobetxatzen jakin behar dugu.

Aurretik lau urte. Zer egin daiteke legealdi batean?

Aurrera begira, erronka handia dugu. Aldaketa errotzen joan behar dugu. Herrietan finkatzen asmatu behar dugu. Oinarriak ongi finkatu bide luzea egiteko. Gauza beste modu batera eta ongi egiten dakigula erakutsi behar dugu. Zenbaitetan, poliki poliki. Tarteka, azkarrago.

Oihaneder Indakoetxea, emakumezko lehenengo alkatea Barañainen.

Urrats bat aurrera egin dugu. Nolanahi ere, berdintasunaren bidean asko dago egiteko. Oraindik ere, ez da erraza emakumeak ikustea aginte karguetan. Nafarroako hamar herri handienen artean ni naiz emakumezko alkate bakarra. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!