Azken afaria lizentziarik gabe?

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 9a, 00:17

Nafarroa Wow-ko lagunek kolaboratzaileen afarirako sorturiko lustrazioa

2014-2015 denboraldiko Euskalerria Irratiko kolaboratzaileen afaria egin zuten ostiralean Katakrak-en. Besteak beste, aldaketaren gobernua sustatuko duten lau indar politikotako ordezkariak izan ziren afaltiarren artean. Nafarroa Wow-ko lagunek erronka bota zieten ilustrazio baten bidez: azken afaria izan dadila lizentziarik gabe!

Aldaketa politikoa gauzatzear da Nafarroako Jauregian. Eta horrek aldaketak ekarriko ditu Euskalerria Irratira. Konparaziora, UPNren Gobernuak ilegalki ukatu digun lizentzia, gure irratiari eta Iruñerriko euskaldunei dagokien emititzeko baimena, behingoz iristea espero dugu.

Alegaltasunaren zama gainetik kenduta, azkarrago mugitzerik izanen dugu, arinago lan egiterik. Dagoeneko aztertzen ari gara zein abiadan, nola eta nora joan nahi dugun. Gauza bat argi eta garbi dugu: norekin egin nahi dugun bidea. Erresilientzia garaiotan, komunitate askotarikoa, ahaltsua eta eskuzabala izan dugu oinarri. Eta bidelagun horiekin segitu nahi dugu aurrera, haien ekarpena ordainezina baita zentzu literal zein figuratuan.

Esate baterako, munduko lizentzia eta diru laguntza guztiak jasota ere nekez ordaindu ahal izanen genituzke gure 200 kolaboratzaileen ekarpenak. Halaxe aitortu genien ostiraleko kolaboratzaile afari beroan.

Afari beroa

Beroa uda gertuko gaua zelako, Katakrakeko sukaldari trebeek prestaturiko plater gozo bezain minek barrenak bizitu egiten zituztelako eta, batez ere, aldaketa giroa arnasten zelako.

Irratiko 80 bat kolaboratzaile bildu ziren afarira. Haien artean baziren aldaketaren gobernua sostengatuko duten lau indarretako ordezkariak. Han ziren, adibidez, Geroa Baiko Manu Aierdi, Itziar Gomez eta Maria Solana; EH Bilduko Joseba Asiron, Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz, baita Amaiurreko Sabino Cuadra ere; Podemos-Ahal Duguko Eduardo Santos; Aranzadiko Aitor Balbas; eta Izquierda Ezkerrako Edurne Egino. Politikari erretiraturik ere izan zen tartean: Patxi Zabaleta.

Gizarte zibileko hainbat ordezakri ere hurbildu ziren Katakrakera: ELAko Mitxel Lakuntza, Steilas-eko Kepa Yecora, ESK-ko Xabier Barber, Gobernuz Kanpoko Erakundeen plataformako Gorka Zenborain, Nabarraldeko Olaia Aldaz, Memoriaren Bideak elkarteko Fernan Mendiola, Ilundaingo Baserri Eskolako Mikel Lasarte, Landare kooperatibako David Garnatxo,

Kultur munduak ere ordezkaritza zabala eduki zuen: Iruñeko Orfeoiko zuzendari Igor Ijurra; Aingeru Epaltza, Inma Errea eta Josetxo Azkona idazleak; Patxi Huarte eta Joseba Beramendi marrazkilariak; Ciga Fundazioko Peio Fernandez Oieregi; Eusko Kultur Fundazioko Xabier Lozano eta Mikel Haranburu.

Halaber, kazetari ugari izan genituen afaltiarren artean: Tokikomeko presidente Urko Aristi, Tokikom-eko presidente ohi Mikel Irizar, Hekimen-eko buru Alberto Barandiaran, Gaztezulo aldizkariko zuzendari Aitor Abaroa, Berriako Joxerra Senar eta Edu Lartzaguren, Argiako Gorka Bereziartua eta Xabier Letona, Karrape Irratiko Unai Zabaleta, Garako Martxelo Diaz, Diario de Noticiaseko Ibai Fernandez, eta beste zenbait free-lance: Jon Abril, Gaizka Aranguren, Fermin Erbiti eta Izaskun Ibarra.

Ezin afaltiar guztiak aipatu, asko direlako eta memoria txarrekoak garelako. Beraz, aipatzeke utzi ditugunek barka diezagutela itsuskeria.

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!