"Euskararen paparazziak", berriz lanean

Euskalerria Irratia 2015ko api. 1a, 15:42
Iazko irudi irabazlea, Francisco Javier Santxotenaren lana.

Iruñerriko saltokietan euskararen presentzia argazkien bidez ikusaraztea da lehiaketa honen proposamena. Argazkiak apirilaren 6tik 26ra bitartean bidali ahal izanen dira.

Iaz aurreikuspen guztiak gainditu ostean, aurten ere “Euskararen paparazziak” argazki-lehiaketa antolatzea erabaki dute “Euskara Merkataritzara” planean parte hartzen duten udalek (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusia) eta Iruñeko Karrikiri Euskaldunen Elkarteak.

Lehiaketaren helburua saltokietan euskararen erabilera handitzeko eman diren urratsak bezeroei eta herritarrei ikusaraztea da eta, horretarako, arreta erakartzeko, argazki-lehiaketa antolatzea erabaki dute aurten ere.

Lehiaketan parte hartzeko bidea oso sinplea da: Iruñerriko eta Gareseko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelakoei argazkiak atera eta “WhatsApp” edo “Telegram” aplikazioen bidez 605 75 40 17 zenbakira bidali behar dira. Euskara eta merkataritza hobekien uztartzen dituen argazkiaren bidaltzaileak 500 euroko txartela jasoko du planean parte hartzen duten saltokietan gastatzeko. Horrez gain, parte-hartzaileen artean 100 euroko hiru txartel zozketatuko dira. Argazkiak apirilaren 6tik 26ra bitartean bidali ahalko dira, bi egun horiek barne.

“Euskara Merkataritzara” planak Iruñerriko eta Gareseko saltokietan euskararen erabilera areagotzea du helburu. Plana 1994. urtean jarri zen martxan, Burlatan, eta arian-arian herri gehiago joan ziren gehitzen; gaur egun, 10 herritako 255 saltoki baino gehiago ari dira euskararen erabilera areagotzeko urratsak ematen: tabernak, landa-etxeak, arropa-dendak, ile-apaindegiak, hotelak, diseinu tailerrak, botikak, ardotegiak… Horiei guztiei, doako itzulpen zerbitzua, euskara ikasteko edo errotuluetan euskara erabiltzeagatik diru-laguntzak, eta abar eskaintzen zaie aipatutako udaletako euskara zerbitzuetatik. Aipatutako lehiaketa plan horren baitan abian jarri den ekintza bat gehiago da.

Lehiaketaren oinarriak: https://euskaramerkataritzara.wordpress.com/

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!