Bere buruaz beste egin zuen igandean Miren Peñak 43 urteko antsoaindarrak. Bankuak hipoteka berriro negoziatzeari uko egin ziola jakinarazi zioten eskutitz bidez. Gaur, egun osoan, dolu eta salaketa seinale gisa lantokietan krespoi beltza edo bestelako elementuren bat erakusteko deia egin du LABek. Peña Lab sindikatuko afiliatua zen. Duela urte eta erdi lanik gabe gelditua zen, Faurecia enpresatik bota ondoren. Langabezia saria agortua zitzaion eta hipotekari aurre egin ezin ziola salatua zuen. Antsoaingo Hipotekek Kalte Eginikoen Plataformara jo zuen laguntza eske. Gaur zen abokatuarekin Laboral Kutxara hipoteka negoziatzera joatekoa.
Plataformak protestara deitu du gaur eguerdirako Buztintxurin Laboral Kutxaren atarian, eta bihar 19:00etarako Antsoaingo udaletxe aurrean. Asteazken goizean, Orkoiengo udaletxearen aurrean egingo dute elkarretaratzea (10:00), eta 11:15ean Faurecia lantegiaren aurrean. Horrez gain, Iruñean manifestazioa eginen dute larunbatean 18:00etatik aurrera, Gurutze plazatik abiatuta. Gaur eginen dute haren aldeko hileta.