Formatu borobilean, Rosa Valverde; objektiboari begira zuzen zuzenean. Inguratzen duen espazio laburrean kaxa pare bat ageri dira, berak gauza xumeez eta batez ere intentzioz kargatzen zituen haietakoak.
Oroitzapenetan, hasteko, 1970eko udazkena, ordurako iragarrita zegoen Burgosko prozesuaren ataria. Donostiako Usandizaga institutu femeninoan preuko ikasleak ginen; nerabeak oraindik eta baita herabeak ere, eskarmentu handirik gabekoak; giro hartan nabarmendu zen institutura mobylettez joaten zen neska ile gorrizta hura. Asanbleak egin eta kalea estreinatu genuen hark, Rosa Valverdek, bultzatuta.
Gero, hurrengo hamarkadan, ezagutu genituen Rosaren lan artistikoak. Naifak itxuraz, jolasa, umorea, malezia edota malaletxea zeriela. Iradokitzaileak eta dibertituak beti.
Iruñeko Ziudadelan egin zuen Rosak azken erakusketa, 2012ko udazkenean. Izenburua jarri zion: “Erakusketa kolektiboa 1953-2012”. Erakusketa ez zen kolektiboa, baina bai askotarikoa. Azkainen bizitzen urteak zeramatzan eta vide-grenierretan, hau da, ganbara husteko azoketan erositako figuratxoak zeuden adibidez, artistak eraldatuta. Filmetako maitasunari buruzko serie bat, birrintzailea erabat. Erretratuak, trukean batzuk, bere lagunei egindakoak nahiz haiek berari egindakoak, baita autoerretratu bat ere. Eta han zeuden, baita ere, bere irudirik samurrenak.
Mikrofonoaren aurrean, urteen poderioz lelo bihurtuta zeukan hura esan zuen: “Neretzat artea da bizitzari zentzua ematen diona. Arterik gabe, ezin ninteke bizi”.