Argazkian Laura Perez, Nafarroako Ahal Dugu-ren buruzagi berria. Ezustekoa eman du, Madrilgo buruzagiek beste hautagai bat babestu zutelako. Hori dela-eta, zenbait hedabide modu interesatuan sartzen ari da Nafarroako emaitza alderdiko aginte zentralaren ‘porrot’en artean.
Kontuak kontu, eta besteak beste, Laura da euskara irakaslea eta etxe honetako kolaboratzailea. Eta gauza oso argiak esan ditu Nafarroan egin beharrekoaz, bai gobernua aldatzeko eta baita euskara sustatzeko ere. Eta horiek esan dituelako jaso du hautesleen babes handia.
Bertsolariak esana utzi zuen: ‘sutan jartzian probatutzen da nolakoa dan eltzia’. Nik sinesten dut Lauraren borondatean, alegia, nahi dituela egin orain arte esandakoak. Badakit, ordea, esandako horiek egitean suak hauspotu egingo direla eltzea bera kolokan jartzeraino.
Badakigu nafar politika Espainiarentzat ‘estatu politika’ dela. Uste dut oraingoan euskaldunontzat ere badela ‘estatu arazo’. Horregatik espero dut alde guztiek jokatuko dutela aldaketa lehentasun hartuta, horrela Laurak ere ahal izan dezan.