Argazkian 50 metro karratu inguruko zuloa plazan, Iruñerriko Justizia jauregiaren aurrean. Lurpeko aparkalekua egin zuten duela zortzi urte eta zati bat hondoratu da orain, minus laugarren solairuraino hondoratu ere.
Badakit horrelako hondoratze batek aukera ematen duela metafora errazak egiteko. Esaterako, zer ari da hondoratzen Nafarroan: aparkalekuak ala errejimena bera? Sitsak jotako egurra bezala ote dator behera gezurren gainean eraikitako Nafarroa ofiziala?
Erraza litzateke, era berean, susmo gaiztoak zabaltzea: nola hondoratu daiteke aparkaleku bat euri edo elurragatik? Ez da izango lanak merke-zuhurrean egin direla, edo kontrol eskasarekin? Izango da ikerketa ganorazkorik eta errudun pertsonalik, ala pentsatu behar dugu gauzak egiteko modu zabar eta diruzale bat orokortu dela herri lanetan?
Ez naiz ni, ordea, halako errazkerietan eroriko. Besteak beste, errazkeriarik gabe ere osatu dudalako eskatu zenidan sonetoa, ene Violante laguna.