Handiagoan edo txikiagoan, gure arteko egunkariek arreta eskaini diote denboraleari, elurrari eta hotzari, bisutsari. Mendebalean, Bizkaian, gogor jo du ekaitzak, eta ez gaude ohituta.
Gure arteko onena eta txarrena ateratzen omen da larrialdietan. Eta elurtza honetan, antzera. Bada edozein laguntzeko prest dagoena: errepidean trabatuta geratu den autoa bultzatzeko, edo amona erren bat elizatik baserriraino tirri-tarra laguntzeko.
Eta bada, elurra dela eta uneoro erretxinduta azaltzen dena. Izotzak erre egiten du, badakigu, eta batzuen erretxinak segituan hartzen du su. Karretera garbi ez dagoelako, hori jardun beharra Diputazioaren kontra. Estratak garbi ez daudelako, Udalaren kontra. Espaloietarako gatza amaitu dela eta, udal langilearen kontra. Elur-panpina egiteko umeak belardietara sartu direla eta, haien gurasoen kontra. Mara-mara ari duelako, Jesukristoren kontra...
Gure etxeko katuak mozolo-begiez egiten dio so elurrari, esanez bezala: atertuko du ba, joango naiz orduan zozotara!