Garai batean, informazioa boterea zen. Informazio uholdea pairatzen dugunetik, bestelakoa da ikuspuntua: nola asmatu zaborra bota eta merezi duena irakurtzeko, horretan goiz osoa eman gabe, noski.
Lanera heldu, ordenagailua piztu eta berrogei bat mezu. Lehenbizi igorlea nor den ikusi. Publizitate guztiak, pikutara. Batere interesik gabeko kontuak bidaltzen dizkigun lankidearenak ere, fuera. Gero elkarrekin kafea hartzera joaten garenean artikuluaz galdetuko dit. Orduan, bi gezur motaren artean aukeratu beharko dut: bai, ikusi dut, oso interesgarria, horrek dakarren arriskuarekin, horretaz galderaren bat egin lezakeelako. Edo, ez oraindik ezin izan dut irakurri, gero patxadaz egin nahi dudalako. Hori ere konprometitua, bihar matrakari eusten badio.
Wasapen ere, berdin: zorrotz jokatzea beste erremediorik ez dago. Txiste bakar bat ere ez; bideo gehienei ere, kasurik ez.
Izan ere, jende askok kontrakoa uste arren, funtzionariok lan egiten dugu. Eta horretarako, goizeko lehen lana, eta oso garrantzitsua, horixe da: jasotako zabor pilaren artean merezi duen mezua libratzen jakitea.