Argazkia atzo ikusi nuen, Berrian. Rajoy eta Sanchez eserita daude, Moncloako areto argitsu eta zabal bateko mahaiaren atzean, eta karpetak trukatzen dituzte. Gerri parean mahaiaren ertzak mozten ditu irudiak, baina mahaiaren ertz finaren azpitik euren hankak ere ikusten dira. Eserita daudenez, norbaitek bien irudia osorik kontsideratzen badu, bi txontxongilo desitxuratu dirudite, ispilu deformatzaileetan islatuak baleude bezala.
Trukatu eta izenpetu dituzten karpetetan betiko espetxe kondena dator. Sanchezek esan du, irri algaraka hasi gabe esan ere, bera betirako kondena horren aurka dagoela, irmo eta zorrotz; alegia, izenpetu berri duen horren guztiz aurka dagoela. “Hauek dira nire printzipioak –zioen Groutxo Marxek; baina gustatzen ez bazaizkizu ez larritu, beste batzuk ere badauzkat”.
Groutxorentzat umore absurdua zen, Sanchezentzat politika omen da. Hasi zaitez larritzen, entzule: zure seme-alabek ezin izango dute jada txiste hori harrapatu.