Nizatik dator gaurko argazkia, txikia baina handia. Bertako eskola bat ikusten da: haurrak, gurasoak, irakasleak... eskola bat, Frantziako eskola bat, beste bat.
Bertako ikasle bat, zortzi urtekoa, komisariara eraman dute, terrorismoaren apologia egin duelakoan. Zer eta zer, Charlie Hebdo Parisko aldizkari satirikoan izandako sarraskiaren aurrean, umeak esan omen du eskolan bera ez dela Charlie sentitzen, eta bera, egon, terroristekin dagoela, alegia, bat egiten duela terroristekin.
Zer egin du Frantziak zortzi urteko haurrak hori esateko? Zer entzun du etxean zortzi urteko haurrak hori esateko? Zer ikusi du telebistan?
Ur eta olio gisa planteatzen denean desberdintasuna: arrazazkoa, kulturazkoa, erlijiosoa, politikoa... Ur eta olio gisa, bada fusioa ezinezkoa da. Elkarren parean egotea bera ere ezinezkoa da. Ur eta olio gisa planteatuta desberdintasuna, posible den bakarra da bata bestearen gainean egotea.
Eta denek olio izan nahi...