Elixabete Garmendia: Gorbatarik gabeko Grezia

Euskalerria Irratia 2015eko urtarrilaren 27a

Demis Roussos hil dela; argazkian oso gazterik ageri da; gerri buelta ezabatzen zion tunika zurian bilduta gogoratzen genuen. Eta belarrian bere ahots gaixoti itxurako hura, mela mela eginda uzten gintuena. Urtetan Greziarekin geneukan lotura bakarra izan zen; bera eta beste kantari bat, Melina Merkuri, nortasun handiko emakumea, Pireoko portuko haurrei buruz kantatzen zuena.

Ezaguera horien aurretik, eskolan, duela bi milurte eta erdiko Grezia klasikoa zen existitzen zen bakarra; batxilerrean, letretatik joan eta greziera apur bat ere ikasi genuen latinarekin batera. Garaitsu horretan izango zen “Zorba el griego” pelikularen bidez sirtaki dantza ezagutu genuenekoa. Gerora jakin genuen sirtakia ez zela benetan dantza tradizional bat, filmerako sortu omen zutela. Baina bere bidea egina zuen, eta seguru asko izango zuen zerikusirik laster zabaldu zen Greziarako turismoan: hango irla exotikoak derrigorrean ezagutu beharreko paradisua ziren.

Bigarren argazkia atzokoa da. Hor doa Alexis Tsipras lehen ministro kargua hartzera, bere taldeko beste bizpahiru gizonekin. Traje gris ilunak, alkandorak argixeagoak, eta gorbatarik ez. Hortxe markatuta Europar Batasuneko funtzionario eta politikoekiko diferentzia.

Azkenaldian, izan ere, gorbatarik gabeko Grezia ezagutu dugu, eta exotismoa urratuxe, etxeko bihurtu zaigu Syriza koalizioari esker.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!