Nafarroako Unibertsitateak museoa irekiko du gaur. Uharte familiaren bilduma herritar guztien eskuragarri paratu dute, eta luxuzko kolekzioa ikusteko aukera izanen da. Kandinsky, Tapies, Picasso, Muniategiandikoetxea, Oteiza… Iruñeko eta Nafarroako kulturaren leihora zabalduko dira. Ederra izanen dela, ez dut zalantzarik.
Beti bainaren bat bilatu behar eta, gaur ere aurkitu dut. Ez dut ukatuko museoa Nafarroako Unibertsitatearen eskuetan egoteak ez didala zirrararik eragiten. Edo eragiten dizkidanak, bereziki, ez dira onenak. Eta are gehiago, jakinda, Uharte familiaren lehenbiziko asmoa bilduma Nafarroako Gobernuaren eskuetan paratzea izan zela, eta gaurko inaugurazio hori museo publiko batean izan behar zuela, eta izan zitekeela. Baina egungo agintariek interes orokorraren defentsa egin dute, bertze behin.
Oraindik ez dut ikasi interes orokorraz ari direnean euren interesaz ari direla, euren enpresa, txiringito eta OPUSarenaz. Ez gureaz.