Elixabete Garmendia: Napoleontxoak

Euskalerria Irratia 2015eko urtarrilaren 20a

Gaur ez dago argazkirik, egunkaria berandu iritsi da-eta. Ez dago paperezko argazkirik, bestelakoak bai, oroimenaren ganbaran itsatsi berriak.

Euri langar apur bat ere bota zuen bart Konstituzio plazan, izadaren garaian, aterki bakan batzuk zabaltzeko lain, txanpinoi gisa. Udaletxe zaharreko fatxadan pankarta bat nagusi: ETXERA zioena, hizki urdin handietan. Plazako aldamen batean bazen laranja koloreko beste bat, LIBRE hitzarekin. Eta gero gehiago, AHTren kontrakoa eta abar.

Gaztelubidekoek ohiko errepertorioari ekin zioten, baina musikari hitzak erantsita; Easo koruko gizonezko, emakume eta haurrek bikain eutsi zioten danbor eta barrilen emanari. Easo korua gizonezkoek bakarrik osatzen zuten sorreratik eta orain dela urte gutxira arte. Emakumeen taldea bildu eta polifonikoagoa da gaur egun.

Oholtza gaina ere plurala baina maskulino hutsa izaten zen ez oso aspaldira arte. Atzo, gizonezkoak adina ez ziren, baina emakumezkoen presentzia nabarmena zen. Aurtengo danborradetan, osotara bederatzi mila eta piko gizonezko eta bost mila eta piko emakumezko aterako omen dira Donostian.

Joan ziren, zorionez, kale bazterretik, txintxo txintxo, egun batez napoleon bihurtzen ziren gizonezkoen ilara martzialak ikustera mugatu behar izaten genueneko garaiak.

Kronika osatzeko argazki bat falta zaigu: Gaztelubideko afariarena; badakizue, afari ofiziala izaten zen garai batean, ofizioso bihurtu da azken urteotan. Aurten urrezko danborra jaso duen Subijana sukaldariari lagun egiteko taldean emakumezko bat sartu dute: Ainhoa Arteta. Baina Gaztelubideko afariak maskulinoa izaten jarraitzen du. Napoleontxoen kasta ez dela bukatu, alegia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!