Gaurkotasuna eta originaltasuna. Horra hor kazetaritzan bete beharreko arau nagusiak. Nik gaurkoan ez diet kasurik eginen: biak hautsiko ditut urteko lehen predikuan.
Gaurkotasunik ez, gaiak iazko abenduaren 29raino garamatzalako. Eta originaltasunik ez, beste kazetari batzuek, irrati honetan eta prentsan ere, haren oroimenez hitz egin eta idatzi dutelako, lankide edo lagunaren ikuspegitik, edo bi talaiak uztartuz.
Esan beharrekoak esanak badaude ere, nik zerbait gehitu nahi nuke, gustuko dudan liburuxka baten laguntzaz. Stevensonen “Eguberrietako sermoia da”. Eskoziarrak heriotza hurbil zuelarik idatzi zuen, bizitzaren inguruko hausnarketa moduko bat eskaintzeko. Testu hau oso egokia iruditu zait lagun hil berriaren oroimenezko sermoi xume honetara ekartzeko.
Begira zer dioen idazleak pasarte batean: gizakia ahula izan arren, oso harroputza da. Eta bizitzaren helburuak finkatzerakoan ere holaxe jokatzen du, harroegi: neurriz gaineko handikeriak amestuz, eta gure esku dauden benetako helburu garrantzitsuak alde batera utziz.
Eta zeintzuk dira, ba, alde batera uzten ditugun helburu horiek? Stevensonen ustez, atsegina, adeitsu eta gozoa izatea: zoriontsu bizitzen saiatzea, eta zoriontasuna zabaltzea.
Hark ere bazekien, noski, mundu honetan dena ez dela arrosa kolorekoa, bizitzak batzuetan zauritu egiten gaituelako. Batzuk besteak baino goizago eta krudelago, hori ere gehitu beharko genuke…
Bizimodua ataka estu bihurtua izan arren, batzuk gai dira filosofia horri eusteko: beti atsegin eta adeitsu, zoriontasuna hedatuz. Bizi-poza helburu, ilunpean ere zirrikitu guztiak zabalik utziko dituzte, eguzki-printzak sar daitezen.
Nik ez dakit Ibon Gaztanbidek Stevensonen testua irakurri zuen, baina begi-bistakoa da edukia bere egin zuela.
Ezagutu genuen guztiok hori ere –agian hori, batez ere- eskertu behar diogulakoan nago.