Iruñeko Udal bilkurak onartu du, alkatearen talde politikoaren kontrako botoekin, mozio bat Alde Zaharrean ostalaritzaren inguruko aisialdiak sortzen dituen arazo larrien kontura. Auzokide ugari lanean ari da gertatzen ari den degradazioa gelditzeko asmoz eta ostegunekoa berri pozgarria da. Kaleek egunero notarioaren lana egiten dute: ospakizunen aitzakiarekin Caldereriako txokoan edo Nabarreria plazan musika zuzenean izugarrizko bolumenean jartzen da, tabernari askok barrika eta aulkiekin kalea pribatizatu dute, zaborren pilaketa eta ordu txikietako makina garbitzaileen burrunba ohikoa bihurtu da edo pixaren kiratsa eta lur likatsua.
Mozioa aurkeztu aurretik Iruñeko alderdi politiko guztiekin egindako bileretan eta ustekabekoak ez dira gutxi izan. Aisialdiaren eredu jakin honek sustrai ezagunak ditu gure artean. Bilkuretan aspaldiko garaien oihartzuna entzun dugu, uztaila santuetan klasikoa izango zena, frankistek oihukatzen zutenean “Fiestas sí, política no” eta beste espaloietan aldarrikatzen zenean “Jaiak bai, borroka ere bai”. Oraingoan, hau bizitza petrala, kolore politiko ezberdinak zituzten zinegotziek aitortu digute: “Aisialdi hau bai, negozioa ere bai”.
Eztabaida, beraz, ez da askorik mugitu. Ideien krisia agerian da. Hiriaren ereduarena bistakoa.
Merced kalean bizi garenon bizitzaren misioa ez da astebururo atariko isurkinak lixibaz garbitzea edo eta egun eta gaua urratzera datozen beste auzoetako turista jatorren orroak sinpatiaz entzutea. Bizi nahi dugu, besterik gabe.