Argazkian Alexis Tsipras, Europa bat dardarka daukan gizona. Datorren igandean hauteskundeak irabaz ditzake Grezian eta horrekin lurrikara bat abiatu europar politikan. Diotenez, balizko greziar lurrikarak jarraipena izan omen lezake Espainian, eta hortik aurrera... auskalo!
Bistan da ezker tradizionalak uko egin diola alternatiba izateari eta oposizio berriak sortzen ari zaizkiola krisia kudeatzeko eredu europarrari. Ikusteko dago noraino iristen den lurrikara baina badaezpada Europa bat zital ari da Tsiprasen aurka, direnak eta ez direnak esaten. Beste Europa bat, noski, itxaropentsu dago.
Uste dut euskaldunontzat mesedegarri litzakeela udaberrian Tsiprasek Grezian gobernatzea. Giroak lagunduta ausartago joka genezake, lotsagabeago, mugikorrago. Aldaketa trending topic bihurtzen bada, agian guk ere baliatuko dugu armairuak atzean uzteko eta harresi politikoak eraisteko. Egoerak eskatzen du honelako zerbait.