Atentzioa eman didate arbolen argazkiek gaur. Egunkari batzuetan ikusi ditut hainbat zuhaitz erro-erroetatik erauziak, haizeak. Beste bat zutik ikusi dut ordea, baina, gaixo, iharturik: Gernikako Arbola.
Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak esan duenez, ito egin da Arbola Saindua, Gernikako Arbola, Gernikako Juntetxean landatutako bosgarrena. Gogoan hartzekoak dira emandako arrazoi teknikoak. Itzal eta hezetasun handiko leku batean dago Arbola, eraikinez eta zementuz inguratuta. Urbanismo modernoak eraman du aurretik.
XIV. mendean landatu omen zen lehen Arbola. Ehunka batzuk urte bizi izan zituen hark, asko. Udaberri honetan ordezkatuko dutenak hogeita zortzi bete ditu, gutxi. Arin joan da bosgarren Arbola Saindua.
Egungo bizimoldeen iheskortasuna gogoratu dit kontuak.