Eguzki Amandretik, argiaren abiadura izugarrian, heldu zen dirdira haren indarra: Eguzki printza
zuhaitzen adaburuen hutsartetan barna sartu zen. Zinez, ikuskizun ederra zen argi izpi hura laino arteko
pagadian aitzina sumatzea. Laino artean galdurik, eguzki izpi hura zen basoaren labirintotik ateratzeko
itxaropen bakarra.
Orduan suertatu zen ikuskizun zoragarria. Laino hits hartan, goiti-beheiti zetorren ur tanta nimiño batek,
instant batez, Eguzki printza eten zuen. Argi izpi zurixka, aldi hartan berean, ortzadar koloretsua bihurtu
zen. Argiak eta urak bat egin zuten unean sumatu nuen basoaren labirintoaren aterabidea: laino arteko
pagadi ilun hura, ikuskizun koloretsu eta gardena bihurturik, ataka latzetik ateratzeko iparrorratza
zen.
Ordutik, pentsatu izan dut krisialdirik larrienetan, irudimen handiz, adi erreparatu behar zaiela
naturaren irakaspenei: izadiaren indarrak eta adurrak bidea argi baitiezagukete.