Elixabete Garmendia: Diru kontalariak

Euskalerria Irratia 2015eko urtarrilaren 13a

Gaur ez dago argazki faltarik; hasteko, azalaren hiru laurden hartzen ditu Kepa Manzisidor abokatua Bilboko bere bulegotik daramatenekoak. Bi patrolen artean, dozenerdi guardia zibil eta ertzain bat inguruan, ahoa zabalik dauka gizonak, oihu eginez. Hala moduz pintatzen zituen Ibarrolak Francoren garaian erresistenteak.

Lehen bi orrialdeetan zenbatuta datoz argazkiak: lehenengoan Jaione Karrera ageri da, Navarreria kaleko bulegotik daramatela; honek ahoa beteko irribarrea erakusten du; bigarrenean Ainhoa Baglietto, hortzik gabeko irribarre serenoarekin; laugarrenean, LABen Bilboko egoitzaren aurreko protesta: oihu aurpegi gehiago, guardia zibilak ezarritako plastikozko zintaren atzetik.

Klabea, ordea, hirugarren argazkian dago: hor ageri dira paisanozko hiru agente, mozorrotuta, erabat kontzentratuta mahai baten inguruan. Eta mahai horren gainean dirua; alde batetik paperezkoa, bileteak, urdinxkak nagusi; bestetik txanponak, anabasan, horiztak batez ere, kobre kolorekoak ere bai, denetarik. Aldamenean poltsa beltzak daude motroiloan, joan den zapatuan Bilboko manifestazioan dirua biltzeko erabilitakoak. Lehentxeago entzun dut 90.000 euro zenbatu ote dituzten agenteek.

Kontua da pinturaren historian hain erabilia izan den diruzale zekenaren figura eta eszena berritu dituztela. Diruzale zeken eta lapurrarena, Espainiako Barne Ministerioaren aginduz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!