Nekane Pérez: Bizitzaren kapitulu gogorrak

Euskalerria Irratia 2015eko urtarrilaren 12a

Hilabete eskas bat pasa da gaitzak eraman zintuenetik, eta gaur goizean zutaz, zure goxotasunaz, oroitu naiz berriro ere. Ez dakit erraten zergatik etorri zaidan zure irribarrea burura eta, hor igerilekuko burbuilen artean nengoela, nik ere irribarre egin dut; une horretan erabaki dut gaurko lerro hauek zuri idatziko nizkizula.

Minbiziak eraman zaitu, Aitziber, minbizi madarikatu horrek; sobera goiz eraman zaitu eta ez digu aukerarik eman elkarrekin galdutako apustua ordaintzeko, ezta beste batzuk irabazteko ere. Bizitzak horrelako kapritxo ulertezinak ditu, zuk erraten zenuen bezala horrelako kapitulu gogorrak ditu liburu honek, baina beste kapitulu batzuk ere baditu, zu ezagutzea adibidez, kapitulu ederra. Ezagutu zintuztenok zure lana goraipatu dute, zure indarra, zure kemena, zure laguntasuna, anitz erran izan da eta hala ere hain gutxi. Ez da hitzik, nik bederen ez ditut, deskribatzeko zuk emandakoa. Tristura handia sortzen du utzitako hutsuneak baina zurekin ikasitakoa, zure ondoan borroka egin izana itzela izan da eta barruko poztasun horrekin gelditzen naiz.

Aspaldian oparitutako gaztainari begira nago, zure hitz batzuk buruan: Iluntasun handi honek argitasun handiagoa du atzetik. Argitasuna etorriko da, dudarik ez dut, etortzen denean bihotzean izanen zaitugu.

Adiorik ez, Aitziber, gero arte baizik!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!