Proudhonek esan zuen: ”Ustekabekoaren emankortasunak aise gainditzen du adituaren zuhurtzia eta aurreiritzia.” Ohiko bizitzak ez du bat bateko gertaera berria automatikoki ulertzeko gaitasunik eskaintzen, aurreikus daitekeenaren trama puskatzen duelako. Merced kaleko Potoli, gure haurtzaroko gizon bakarti, errebelde, pilotari eta zaldi-zalea errekan gorpu agertu zenean auzotarron bizitza txikitu zen. Ez nuen ulertu.
Richard Lenoir bulebarrean gertatu dena ez dut ulertzen. “Boterea-Voltairek esan zuen- besteok nik behar dudan modura jokatzean datza”, hau da, nire borondatea gainerakoen asmoen gainetik gailentzen denean gertatzen da. Bortizkeriak boterea ordezkatzen duenean garaipena lor dezake baina, denborarekin, irabazlearen kontra bihurtzen da. Europak hori egin du azken mendeetan, mundua kolonizatu du bortizkeria erabiliz espoliazioa, esklabismoa, genozidioa eta dogmatismo espirituala bultzatu. Bortxa etxera itzultzen denean ohartu da izugarrikeria zer den.
Zerbait ulertzen ez dugunean aurrekari eta analogien bila gabiltza pentsatuz iraganak bidezko jokaera erakutsiko digula. Benetan ikasi nahi dugulako edo gure burua zuritu nahi dugulako, gertatzen den ororen zergatia derrigorrez ezagutzeko gaitasuna omen dugu. Modernitateak, besteak beste, nitasunaren guztiahaltasunaren ilusioaren gaitza gure egin dugu. Hori bai, dakidan gutxi horrekin, ni ez naiz Potoli, ez naiz Charlie, eta François edo Angelarekin ez dut kaferik nahi.