Maalik, infernuko atearen zaintzailea, bakarrik geratu da, beste behin. Madrilgo Parlamentuan, talde parlamentario gehienek -PP, UPyD eta CiU ez beste guztiek- Garoñako zentral nuklearra ixteko konpromisoa hartu dute, baldin eta hurrengo legegintzaldian agintean badaude. Argazkian, batera azaldu dira denak.
Olentzerori igorritako gutunean, Madrilgo oposizioak dio Euskal Herriko mugetan den zentral nuklearra, Espainiako zaharrena den hori, Garoñakoa, itxi egingo dutela, baldin eta Moncloara heltzen badira... Moncloara heldu behar, lehendabizi. Eta ondoren, infernuko atea itxi.
Gabon aurreko mezuen doinua du oposizioarenak. Baina, ezohikoak gertatzen dira Gabonetan: etxera datoz urrun daudenak, opariak dakartza ikazkinak, konplitu egiten dira amets batzuk... Hona neure desira: eraitsi bedi Garoña, garaiz.