Pankartaz inguraturik bizi gara. Egia esan normala da, batetik, gauza arrunt bidegabeak gertatzen ari direlako inguruan, eta, bestetik, gurean oso zabaldua dagoelako pankarta baten atzean egote hutsarekin dena konpontzen delako ustea.
Baina, nire ustez, deigarriena ez da pankartak nonahi ikustea, baizik eta euskarak pankarta horietan duen presentzia handia, gizartearen gainerako arloetan ez bezala. Poztekoa!, esanen du bakarren batek; ez baitakit, akaso bai, baina nik txoria kaiolan nola, halaxe ikusten dut euskara pankartan, preso.
Izan ere, ez dakit oso naturala den pankartetan eta pintadetan euskarak izatea gizartearen gainerako arloen egunerokotasunean ez duen presentzia, eta iruditzen zait horrek on baino kalte egiten diola euskarari berari, protesta-hizkuntza bihurtu eta anekdotaren mailara apalarazten duelako.
Euskara bizirik dago, solas egiteko da, irri eta negar egiteko, telefonoz hitz egiteko, kantatzeko, eta, jakina, protesta egiteko ere bai, baina ez bakarrik horretarako, maizegi irudi hori proiektatzen bada ere.
Gainerakoa kea da, itxura ederra eta barren eskasa duten euskarazko hitzak, beharbada, pankartaren gibelean euskarak bizi duen hutsunearen salatari.