Fermin Erbiti: Ogasuna guztiok omen gara

Euskalerria Irratia 2014ko abenduaren 18a

Parlamentuetan aztertzen diren gaien artean, bi nabarmen daitezke: aurrekontuak eta zerga sistema.

Eztabaida saio luzeak egiten dira horretan ados jartzeko edo ez jartzeko. Ez da harritzekoa: aurrekontuaren bidez urteko helburu zehatzak finkatzen dira. Eta zerga sistema ere funtsezkoa da eta oso adierazgarria bakoitzak bultzatu nahi duen gizarte eredua islatzen duelako.

Kontuez ari garenez, argi izan dezagun, ordea, aurrekontua bezain inportanteak direla urteko kontuak. Alegia, urtea hasi aurretik onarturiko diru-sarrera eta gastu horiek zenbateraino bete diren.

Eta zerga-sistemaz ere beste horrenbeste esan daiteke. Eman dezagun Parlamentuak sozietate zergaren portzentajea ehuneko 30ean finkatu duela. Kontua da gero dedukzio edo kenketak datozela, eta benetako portzentajea askoz txikiagoa izaten dela: hutsaren hurrena, kasu askotan.

Adibide zehatz bat: Nafarroan dagoen enpresa handi bat, Autobide baten esleipena duena. Sortu zenetik irabaziak izan ditu, urtero, eta 60 milioi banatu ditu akziodunen artean. Ezetz asmatu zenbat ordaindu dion Ogasunari. Hutsaren hurrena? Ez, euro bakar bat ere ez.

Ogasuna guztiok omen gara. Omen, bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!